Hondakin geldoen biltokia Zestoako Osinbeltz harrobian jarriko dute

Urola Kostako Hitza 2014ko urriaren 13a

Birziklatzeko edo konposta egiteko balio ez duten hondakin geldoak Zestoako Osinbeltz harrobian gordeko dira, bertan izango dute biltokia. Hondakin horiek aurretik Zubietan kokatuko den hondakinen tratamendu biologiko eta mekanikoko plantatik pasatuko dira. Osinbeltzeko harrobiaren espazioa berreskuratu eta balorizatzeko asmoarekin jarriko dute bertan biltokia. Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua gaur eguerdian Leire Etxeberria Zestoako alkatearekin eta udal gobernuko eta oposizioko ordezkariekin bildu da eta erabakiaren berri eman die bertan. Bilera horretan Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak ere parte hartu du. Bileran, Errazkinek eta Intxarraundietak prozesua Zestoako Udalarekin eta herritarrekin batera aurrera eramateko asmoa agertu dute. Zubietako Tratamendu Mekaniko Biologiko plantatik pasatu ondoren ekarriko dituzte hondakin geldoak Zestoara. Zubietan tratatuko dituzte hondakinak, oxigenoa eta likidoa kenduz. Horregatik, materiak "ez du usainik ez lixibiaturik sortuko". Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoen esanetan, "Zestoako biltegia irtenbide garbia eta iraunkorra da, eta gaur egungo hiru zabortegiak (Urteta, Lapatx eta Sasieta) ixtea ahalbidetuko du". Horrez gain, Osinbeltzeko harrobia berreskuratzeko baliagarria izango dela esan dute aldundikoek, "zestoarrek harrobia erabili ahal izango dutelako". Gara egunkariaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015 urtearen bukaerarako jarriko du martxan hondakin geldoen biltokia Zestoako harrobian. Osinbeltz harrobia Canteras de Zestoa enpresak kudeatzen zuen, baina bertako jarduera guztia joan den urtearen bukaeran eten behar zuen Zestoako Udalarekin egindako akordio baten bidez. Zestoako EAJk hondakin geldoen biltokia Zestoan jartzearen gainean "kezka" agertu du.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide