EAJk «kezka» agertu du hondakin geldoen biltegia Zestoan jar dezaketelako

Ane Olaizola 2014ko urriaren 10a

Zestoa hondakin geldoen zabortegirik gabeko Udalerria izendatzeko mozio bat aurkeztu zuen azken udalbatzarrean Zestoako EAJk. Bilduk proposamen horren kontra bozkatu zuen, eta erabaki horrek kezka eragin du EAJ alderdian. Bilduk esan du herrian halakorik egingo denaren «informaziorik ez» duela. EAJren ustez, ordea, «mozioari ezetza ematearekin, Bilduk ateak zabaltzen dizkio aldundiari herrian hondakin geldoen zabortegi berri bat koka dezan». Gipuzkoako Foru Aldundia Hondakinak Kudeatzeko Zubietako Zentroa egitekoa da, eta azken pauso bezala, hondakin geldoen planta egiteko asmoa du «harrobi zaharretan». Horren harira, EAJk aurkeztutako mozioa eztabaidatu zuen udalbatzak azken udalbatzarrean. Hondakin geldoen zabortegia herrian edukitzea «turismoarentzako kaltegarria» izango dela esan zuen Joxe Mendizabal EAJko bozeramaileak, eta horren aurrean, informazioa beharrezkoa dela deritzo. Leire Etxeberria Zestoako alkateak, ordea, erantzun zion gaiaren inguruko informaziorik ez dutela, eta «jakin bezain laster» zinegotzi guztiei jakinaraziko ziela agindu zuen. Ruben Alberdi alkateordeak bere iritzia eman zuen: «Herri guztiak kontra azalduko balira beren udalerrietan hondakin geldoen biltegiak kokatzeko, berriro errausketa plantaren beharraz hitz egin beharko litzateke, eta horren aurka gaude». Zestoako Udalak aho batez onartuta dauka Osinbeltz harrobia berreskuratzeko Herritik harrira-Harritik herrira proiektua, 300.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Harrobia biziberritzea du helburu proiektuak. Harrobiko zuloa betetzeko proiektuan aipatzen den lurra edo materiala, berriz, «hondakin geldoa» izan daitekeela aipatu zuen alkateak, eta Bilduk proiektua atzera bota dezakeen erabakirik ez duela hartuko jakinarazi zuen. EAJk, bere aldetik, Bilduren jarrera salatu zuen: «Ez dugu ulertzen zergatik egon behar dugun informazio gehiagoren zain, alkateak dioen bezala, gure ezetza ozenki aldarrikatzeko, are gehiago, behin eta berriro aldunditik ari direnean esaten dauden zabortegiak ixteko asmoa dutela eta geldoen zabortegi berriak beharko direla». Era berean, beste hainbat bilkuretan «Zestoari ez dagozkion hainbat mozio» onartzen direla gogoratu zuen EAJk, eta oraingoan, berriz, kritikatu dute «bete-betean zestoarron interesen aldeko baliagarria izan daitekeen mozioari ezetza ematea.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide