Lasaotarren biltokia egiteko hitzarmena egin dute Azpeitiko eta Zestoako udalek

Nerea Uranga 2014ko urriaren 10a

[caption id="attachment_112170" align="aligncenter" width="300"]2012ko Lasaotarren Egunean lokala eskatzeko pankarta. 2012ko Lasaotarren Egunean lokala eskatzeko pankarta.[/caption] Lasaoko bizilagunen azken urteetako eskaerari irtenbidea emango dion akordioa sinatu berri dute Azpeitiko eta Zestoako udalek. Joan den irailaren 18an Lasaoko elkarterako erabilgarria izango den aurrez fabrikatutako pabiloi bat erosi eta finantzatzeko hitzarmena sinatu zuten bi udalek. Leire Etxeberria Zestoako alkateak horren berri Zestoako azken udalbatzarrean eman zuen, irailaren 25ean. Orduan Zestoako udaleko ordezkari guztiek aho batez onartu zuten. Hitzarmenaren berri emateko lasaotarrekin bildu ziren joan den astean bi udaletako ordezkariak. Biltoki berria egiteko lanak azaroan hasiko dituztela iragarri zien politikoek. Lasaoko haurren parkearen ondoan jarriko dute. Leire Etxeberriak Zestoako azken udalbatzarrean azaldu zuenez, Lasaokoek elkarrekin egon eta aisialdirako inolako ekipamendurik ez dute. Esaterako, Azpeitian 2014ko aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko egindako dinamiketan, Lasaoko auzotarrek elkargune bat izateko aukera eskatu zuten. Lasaotarren eskaera horri erantzuna emateko, Zestoako udalekoek Azpeitikoekin hainbat bilera egin dituzte. Lasaon aurrez fabrikatutako pabiloi bat jarriko dute, eta horretarako dirua lortzeko, diru laguntza bat eskatuko dute bi udalen artean. Bien izenean Azpeitiko Udalak eskatuko du laguntza Eusko Jaurlaritzaren EREIN 2014 Programan. Diru Laguntza horien bidez, besteak beste, landa guneetan egiten diren inbertsioak diruz laguntzen dira. Lasaoko bilgunea jartzeko inbertsioa bi udalen artean ordainduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide