Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo, osteguna, egindako osoko bilkuran EH Bilduk aurkeztutako bi mozio onartu zituzte. Lehena, Euskal Kutxen inguruko mozioa zen, Kutxabanken pribatizazioaren aurkakoa. Bestea, Espainiako errege ohi Juan Carlo Borboikoaren abdikazioaren aurrean, etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria da. Bi mozioak onartu zituzten, Kutxabankena EH Bilduko zinegotzien botoekin eta erregearena aho batez.
Euskal Kutxen etorkizunaren inguruko mozioak jasotzen duenez, "Zestoa bezalako udalentzat, hil ala bizikoa da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko tresna finantzario nagusiaren kontrol publikoa mantentzea". Aurrezki kutxek euren sorrerako izpirituari eustea "ezinbestekoa" da babesleen iritziz, "horrek bakarrik bermatu baitezake interes publikoaren defentsa, Gizarte Ekintzaren sustapena eta bertako herritar, ehun produktibo eta sare instituzionalen interesen aldeko apustua".
Horregatik, hainbat eskaera luzatu dizkiete korporazio fundatzaile diren Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udalari eta Kutxako Gobernu organoei: Lehenengo eta behin, Kutxabanken pribatitzatzea baztetu dezaten eskatu dute eta "bere jarduera gure lurraldeko herritar zein finantza beharrizanetara zuzendu dezaten". Bestetik, Kutxako Gobernu Organoek "Gipuzkoako jendartearen parte hartzea, bere ordezkaritza proportzional efektiboa eta barne demokrazia eta gardentasuna bermatu dezaten" eskatu dute. Horrez gain, "Gobernu Organoak osatuko dituzten kideak entitate fundatzaileek, Kutxako langile eta ezarleek eta Gipuzkoako gainontzeko udalek proposatuak eta hautatuak izan daitezela" eskatu dute.
Kutxak Kutxabanken duen presentzia portzentajearen harira, eskatu dute "parte hartze portzentaje hori gutxitzea ekar dezakeen edozein pribatizazio edo desinbertsio programa espresuki baztertu dezaten, gutxienez %32koa izaten jarraituko duelarik". Gainera, "Gizarte Ekintzaren defentsa irmoa eta beraren suspertzearekiko konrpomisoa adierazi dezaten" eskatu diete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari.
Erregearen abdikazioaren harira
Espainiako errege Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren aurrean ere irakurketa egin du EH Bilduk eta mozioa aurkeztu zuen atzoko udalbatzarrean. Mozioan jasotzen denez, "Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa, Frankismotik eratorritako eredu politiko-instituzionalaren krisi sakonean beste urrats bat gehiago" izan da, euren ustez "kolpe militar frankista eman zutenek lotuta eta ondo lotuta utzi baitzuten Estatu botereen etorkizuna". Estatuaren zatiezintasuna aldarrikatuz eta hori hala izan zedin armadari berme funtzioa emanaz itxi zuten erreforma", dio mozioak. Gogorarazten du Euskal Herriak ez zuela onartu 1978ko Konstituzioa, "besteak beste herri gisa etorkizuna libreki eraikitzeko eskubidea ukatzen zigulako eta benetako haustura demokratikorik ez ematea gain, Hego Euskal Herria bi eremu administratibotan zatitzen zuelako".
Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa "ukazioan eraikitako eta politikoki agortutako marko politiko eta juridiko hori iraunarazteko itxuraldaketa operazio bat" da, abdikazioak ordea "ez dakar aldaketarik bere baitan: herrien ukazioan oinarrituriko eredu politiko-instituzionala ez baita gainditu".
Horregatik, Zestoako Udalak "benetako haustura demokratiko baten aldeko aldarrikapena" egin du, "euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz". Era berean, Zestoak "ez dio inolako zielgitasunik onartzen Espainiako koroaren inongo ordezkariri". Gaineratu dutenez, "bizi dugun egoera politikoaren aurrean, gure herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea eskuratzeko helburuarekin lan egiteko deia luzatu nahi diegu Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu, eragile eta herritarrei".