Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2006ko apirilaren 11n gertatu zen lan istripu baten harira, epaileak bost lagun zigortu ditu. Hiru enpresetako hiru arduradunek eta Segurtasun Planeko hiru erredaktorek 600 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta beste 55.000 euro abonatu beharko dizkiote hildakoaren alabari. Efe agentziak aurreratutako epaiaren arabera, epaiketan bost akusatuek erruduntzat jo zuten euren burua, eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatutako zigorra onartu zuten. Epaileak, "pertsonen kontrako arduragabekeria arinak eragindako heriotzagatik" zigortu ditu akusatuak.
2006ko apirilaren 11n gertatu zen istripua. Hildako langilea eta bere lankide bat Zestoara joan ziren, hango Sansinea industriguneko fundizio baten eraikuntzan parte hartzera. Keak xurgatzeko sistemaren hodi batzuk soldatu behar zituzten. Hodi handiak ziren, 8 metro luze baitziren, 1,75 metroko diametrokoak, eta 1.100 kilokoa bakoitza. Hodi horietako bat makinarekin jasotzen ari zen langile bat, beste leku batera eramateko, baina ez zuen makina egonkortzeko balio duten pistoirik zabaldu. Horren ondorioz, hodiaren pisuak makinaren atzeko gurpilak jaso zituen eta makina irauli zuen. Epaiaren arabera, "langilea saiatu zen makinatik ateratzen, baina ez zuen astirik izan, eta aldaka parean harrapatuta geratu zen eta horren ondorioz hil zen". Gainera, bi langileak "arduradunik gabe eta egin beharreko lanaz eta erabili beharreko makineriaz ezer jakin gabe" joan zirela ebatzi du epaileak.
Honen arabera, "istripua akusatuek egindako segurtasun planaren aurreikuspen ezaren" eta "egin beharreko lanen banaketaren ondorioz" gertatu zen.