Aizarnazabalen jokatuko dute Gipuzkoako V. Erremonte Kopako finala

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 5a

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2014ko Saria- V. Erremonte Kopa Lazkaon hasiko da. Aurten, erremonteko partidak hasi baino lehen, eskuz binakakoak jokatuko dira, "txapelketara pilotazale gehiago erakartzeko helburuarekin", adierazi dute antolatzaileek. Atzo aldundian aurkeztu zuten aurtengo egitaraua  Kirol zuzendari nagusi Asier Sarriegik, Euskal Jai Erremonteko Fundazioaren zuzendari Jaime Agirrek eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren lehendakari Mikel Arregik. Aurkezpenan Anselmo Astiazaran eta Asier Larrañaga ere egon ziren Aizarnazabalgo Udalaren izenean, eta Ager Lasurtegi babesle moduan. Atzo egin zuten aurkezpena (Euskal Jai Berri) Txapelketa lau egunetan eta lau herritan jokatuko da: Lazkaon, Zestoan eta Hernanin. Finala, berriz, Aizarnazabalen egingo dute. Ostiral honetan hasiko da V. Erremonte Kopa  22:00etan, Lazkaoko kiroldegiko pilotalekuan. Eskuz binakako partidak jokatuko dituzte aurrena, eta 22 tantotara jokatuko dute: Zubizarretak eta Alberdik, Egibururen eta Garmendiaren kontra. Bigarrena, erremonteko partida izango da, 40 tantora: Urriza eta Agirrezabala (azpeitiarra), Etxabe II.aren eta San Migelen aurka. Ekainaren 13an, ostirala,  22:00etan, Zestoako kiroldegiko pilotalekuan txapelketaren bigarren saioa egingo dute. Eskuz binakako partidan Gelis eta Erasun, Labaka eta Salegiren aurka lehiatuko dira, 22 tantotara. Erremonteko partidan, berriz, Etxabe II.a eta San Migel, Etxeberria IV.a (azpeitiarra) eta Barrenetxea IV.aren aurka ariko dira 40 tantotara. Ekainaren 20an, ostirala, Hernanin izango da txapelketako hirugarren eguna. 19:00etan hasiko da herriko kiroldegiaren pilotalekuan. Ojuelek eta Azpitartek, Arrietaren eta Lizeagaren aurka jokatuko dute 22 tantotara. Gero, erremonteko partidan, Agirrezabala eta Etxeberria IV.a azpeitiarrek elkarren aurka jokatuko dute Urrizarekin eta Barrenetxea V.arekin hurrenez hurren. Azkenik, V. Erremonte Kopako finala uztailaren 4an izango da, Aizarnazabalgo pilotalekuan,  22:00etan. Txapelketako finalaren aurretik, eskuz binakako partida izango da ikusgai: Iriondo eta Uzkudun, Etxanizen eta Murgiondoren aurka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide