Gure Esku Dago Eguna egingo dute hilaren 24an Zestoan

Onintza Lete Arrieta 2014ko maiatzaren 17a

Ekaingo kobaren aurrean egin dute egunaren aurkezpena (Argazkia: Zestoako Gure Esku Dago) Zestoan gaur aurkeztu dute Gure Esku Dago Eguna. Datorren astean, larunbatean egingo dute, eta helburu nagusia izango da herritarrak animatzea ekainaren 8ko giza-katera joatera. 100 lagunek eman dute izena giza-katerako Zestoan, eta kopuru hori "gutxienez bikoiztu" egin nahi dute antolatzaileek. Ekaingo kobaren aurrean egin dute agerraldia, bi arrazoirengatik. "Batetik, hemen hasten delako orain hilabetetik filmatzen ari garen bideoa eta, bestetik, gure arbasoak izan nahi ditugulako gogoan. Haiek bezala, aske bizi nahi dugu guk ere", esan dute ohar bidez. Maiatzaren 24an egingo dute Gure Esku Dago Eguna, erabakitzeko eskubidearen alde. Azken hilabeteetan egindako ekitaldietan (hasierako aurkezpena, Gazta Zati Bat dokumentalaren emanaldia eta  kantu jira esaterako) "ehunka lagun" elkartzea lortu dutela esan dute, eta maiatzaren 24an ere helburu bera dute: "Egun jendetsua izatea espero dugu". Egitaraua. Maiatzak 24, Gure Esku Dago Eguna. -18:00etan: plazan elkartuko dira herritarrak, giza-katearen prestaketak egiteko. -18:30ean: giza-kate bat egingo dute Erdi Kaletik behera abiatuta. Amaieran, plazan mosaiko bat osatuko dute. Dinamikaren ikur bihurtu den eskua irudikatuko dute. -Ondoren: egitasmoarekin lotuta filmatu duten bideoa botako dute, eta mokadutxo bat eskainiko dute (tabernari eta gastronomia elkarteen eskutik). -Amaitzeko: erromeria Monik, Eider eta Leirerekin.  

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide