Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldiak egongo dira Zestoan

Zestoako Hitza 2014ko maiatzaren 16a

Museoen Nazioarteko Eguna igande honetan, maiatzak 18, izango da. Egun hau ICOM (Museoen Nazioarteko Kontseilua) erakundeak sortu zuen UNESCOrekin elkarlanean: "museoek gizartean eta gizarte garapenean duten garrantzia ezagutzera ematearen herlburuarekin" adierazi dute kontseilutik. Aurtengo ospakizunaren leloa Museoetako bildumekin sortutako loturak izan da. Museoek "komunitatearen partaidetza lortzeko modu berriak eta lotura egiteko modu desberdinak aurkitu behar dituzte, mundua ohiko harreman moduetatik urruntzen doaz eta" . Eskualdean Museo desberdinak daude eta horien artean Getariako Cristobal Balenciaga, Azpeitiko Ingurugiro Etxea, Zarauzko Photomuseum edo Azkoitiko Antonio Oteiza Fundazioa daude, besteak beste. Gipuzkoako Museoen web orrialdean eskualdeko Museo guztien zerrenda ikus daitezke. Zestoako Ekainberri Museoa eta Lili Jauregia ekitaldiak antolatu dituzte maiatzak 17 eta 18ko astebururako Museoen nazioarteko eguna ospatzeko. Bi egun hauetan Ekainberri Museora hurbiltzen direnei, Ekain haitzulorako panel bat margotzea proposatuko zaie horretarako prestatuko den hormarekin. Lili Jauregiak, aldiz, "frankeo ordaindua" duten gutunak banatuko dituzte asteburu honetako bisitarien artean eta Jauregiari buruz dituzten ideiak, iritziak, sentsazioak eta galderak bertan idatziko dituzte. Nahi dutenentzako, galdeketa hura sare sozialen bidez ere egin ahal izango da eta denborarekin gutun horien erantzuna jasoko dute. Ekainberri haitzuloaren barruko irudi bat (Egilea: Xabier Otamendi) Lili Jauregia (Egilea: Nerea Uranga) Bai Ekainberrin eta bai Lili Jauregian ikustaldiak gidatuak eta lekuak mugatuak izango dira. Joan aurretik erreserba egitea gomendatzen dute Ekaiberritik 943-868811 zenbakira deituz edo museoaren web orriaren bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide