Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzaren 1aren atarian, TS Fundiciones enpresako langileek azken pultsua bota dute, erakunde publikoek urgentziaz esku hartu dezaten euren etorkizuna bermatzeko. Atzo 07:30ean Arroako lantegian itxialdia hasi zuten, eta edizio honen itxieran han jarraitzen zuten. «150 familia gizartean baztertuta geratzeko zorian daude. Ez dugu borrokatzea beste aukerarik. Enpresa guztiz errentagarria da, eduki duen arazo bakarra akzionistak izan dira», esan dute langileek. Enpresa likidatuta dago aurreko astetik, eta epailearen oniritzia besterik ez da falta enpresako 150 langileak kaleratzeko. Egoeraren larritasunaren aurrean, Eusko Jaurlaritza estutu dute, irtenbide bat eman dezan. «Miseriara goaz. Familia batzuk seme-alabentzako janaria eman ezinik dabiltza, laguntza sozialetara jo dute». Juan Diaz TSko enpresa batzordeko ELAko ordezkariaren hitzak dira, Arroako lantegiaren burdin hesien atzetik eginak.
Langileek Arantza Tapia Industria sailburua bertaratzea eskatu zuten atzo goizean itxialdia hasi zutenean. Tapiak berak Euskadi Irratian hainbat adierazpen egin zuen atzo arratsaldean gaiaren inguruan. «TSko langileak egoera zailean daude, eta ulergarria da beraien kezka eta egonezina», esan zuen. Hala ere, jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzarekin bilera egun bat jarrita dagoela, eta horren berri eman ez izana kritikatu zuen: «Bilera eguna eta ordua zehaztuta dago, enpresaren bideragarritasunari buruz hitz egiteko. Eta hori langileen ordezkariek badakite», esan zuen.
TSko ehun langile inguru Arroako lantegi barrura sartu eta itxialdia hasi zuten atzo, 07:30ean. Teilatuan eta kanpoaldean arnes eta kateekin lotuta batzuk, eta guztiek laneko kaskoa soinean zutela, enpresaren itxieraren aurka eta euren lanpostuen alde egiteko hartu zuten lantegia beharginek: «Ekintza baketsua izango da, eta erresistentzia pasiboa egingo dugu», aurreratu zuten hasieratik. Eusko Jaurlaritza: hau al da zuen politika?; TSko langileak borrokan; SOS TS, Urola Kosta bizirik eta gisa horretako pankarta handiak zintzilikatu, eta bizi duten egoeraren larritasuna ohartarazi nahi izan zuten: «Enpresa asko ixten ari dira, eta erakundeak erabat desindustrializatzen ari dira bailara. %24ko langabezia tasa dugu Urolan, eta Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egiten. Beraz, langileekin zer egiteko asmoa duten azaldu eta irtenbidea eman dezaten exijitzen diegu. Bizi dugun egoera salatzeko gaude hemen», salatu zuen Asier Lizasok, enpresa batzordeko LABeko ordezkariak.
Lantegi barrutik kezkaz mintzo baziren ere, langileek tinko eutsi zioten euren jarrerari. «Ez gara aterako Arantza Tapia Industria sailburua agertu arte»; hala erantzun zioten bertaratu ziren dozena bat inguru ertzainei, horiek lantegia uzteko 15 minutuko tartea eman ondoren, negoziaketetan zirela. 09:30ak inguruan agertu ziren Ertzaintzaren bost auto, eta langileek Hemen gaude lanpostuen alde oihukatuz hartu zituzten poliziak. Tentsio uneren bat ere izan zen Ertzaintzaren eta lantegi aurrean elkartu zirenen artean, baina ez zen istilurik izan. Ertzaintzaren presentzia etengabea izan zen, baina giro lasaian igaro zuten eguna. «Ertzainek beraiek ere ulertu behar dute gure egoera oso larria dela», esan zuen Lizasok.
Hainbat alkateren bisita
Itxialdia egin bitartean, babes zabala jaso zuten langileek, eta jende ugari elkartu zen lantegiaren atarian. Eskualdeko hainbat enpresetako langile eta ordezkariak eta Ernai gazte erakundeko kideak batu ziren elkartasuna adierazteko asmoz, eta orduak aurrera egin ahala langile, herritar eta senideak joan ziren elkartzen lantegi atarian. Itxialdiak ikusmin handia eragin zuen hedabideen artean ere. Zumaiako, Zestoako eta Azpeitiko udaletako ordezkariak ere han izan ziren, tartean Iñaki Agirrezabalaga, Leire Etxeberria eta Eneko Etxeberria hiru herrietako alkateak. Langileei elkartasuna emateaz gain, bitartekari lanak egin zituzten langileekin. «Etsita eta oso egoera zailetan daude, aurrerapausorik eman gabe», zioen Zestoako alkateak. Bailarako errealitatearen irakurketa egiteko baliagarritzat deritzo TSko langileen protesta. Iluntzean, Bilduk deitutako manifestazioan dozenaka herritar atera ziren kalera, beharginei elkartasuna adierazteko asmoz.
19:00etan abiatu zuten manifestazioa Zestoan, Urolan bizi eta lan, TS ez itxi lelopean. Orduerdi inguru iraun zuen manifestazioa amaitu ondoren, parte-hartzaile batzuk autoetan joan ziren langileak itxialdia egiten ari diren lantegi aurrera, elkartasun adierazpen gisara.
Aurreko astetik itxita
TSko jabeek otsailean eman zuten enpresaren itxieraren berri, «akordioak lortzeko ezintasunak» eta «zor handiak» hala bultzatuta. Ez dira ados jarri ordutik, eta langileen arabera, «ez da negoziatzeko aukerarik izan». Hilaren 21ean likidatu zen enpresa, eta epailea datozen egunetan da sinatzekoa behin betiko likidazioa. Salatu dutenez, bi soldata kobratu gabe dituzte oraindik: «Ez dugu langabezia saririk jasoko, eta kalte ordainak Soldatak Bermatzeko Funtsetik (Fogasa) izango ditugu. Lotsagarria da, administratzaileak soldatak ordaintzeko dirurik ez dagoela esaten digun bitartean, lantegiko teilatua konpontzen hasten direlako». Lizasoren ustez, akzionistek eraman dute enpresa egoera honetara: «Bi familien borroka egon da; TSko akzio gehienak lortu zituenak beste bi enpresa ere baditu, paraleloki. Horiek izugarrizko zorrak zituzten, eta beraiena aurrera ateratzeko gure enpresa itxi dute». «Non dago Eusko Jaurlaritza? Non daude laguntzak? Horrez gain, akzionistek azalpenak eman ditzatela nahi dugu. Norbaitek irtenbidea eman behar digu », esan zuen Diazek.
LABek eta ELAk positibotzat jo zuten itxialdia atzo. «Ez dute onartuko enplegua eta ehun produktiboa suntsitzerik», esan zuen Asier Imaz LABeko industria federazioko arduradunak. Honen ustez bi aukera ditu Jaurlaritzak, «irtenbidea langileekin adostea edo polizia sartzea. Baina Euskal Herria dagoen bidegurutzean, oso aukera egokiak daude aberastasunaren eta enpleguaren banaketan irteera bat emateko». Enekoitz Saizar ELAko Urola Kostako industria arduradunaren esanetan, itxieraren bidez langileek bizi duten egoeraren berri eman nahi dute, «erakunde publiko guztiek pausoak eman ditzaten enpresa eta lanpostuak salbatzeko».