TS Fundicioneseko langileek eta zuzendaritzak bilera egin zuten atzo eguerdian, eta enpresa batzordearen arabera, orain arteko «proposamenik gogorrena» jaso dute beharginek. Zestoako eta Arroako berrogeita hamar langile kaleratzeko eta aldi batez— gehienez urtebetez— 48 langileri kontratua eteteko asmoa helarazi die zuzendaritzak. Proposamenak aurrera egingo balu, gainera, gainontzeko beharginek urtean 100 ordu gehiago lan egin eta %25 gutxiago irabaziko lukete. Honen aurrean, langileek zazpi eguneko epea izango dute talde negoziatzailea eratzeko. Zuzendaritzak hala aginduta, gehienez 13 lagunek osatu beharko dute enpresa batzordea, eta hala izan ezean, hiru lagunez osatutako taldea eratuko dutela ohartarazi diete. Egun, 16 langile daude enpresa batzordean. TS hartzekodunen konkurtsoan dago sartuta, eta epaileak bideratutako administratzaileak ere sinatu egin du proposamena, «enpresa bideragarria izateko bide bakarra» hori delakoan.
Sindikatuetako ordezkariak gaur dira euren abokatuekin elkartzekoak, neurri berrien inguruko «legezkotasunaz» hitz egiteko. Horien arabera, eskaintza «kriminala» da jaso berri dutena, eta neurriok enpresaren «behin betiko itxiera» ekarriko lukete. Langileak etzi dira aurrera begirako mobilizazioen eta erabakien berri ematekoak.
TSko langileak, Soro Peri Egunean egin zuten manifestazioan. (Argazkia: TSko langileak)
Bien bitartean, TSko langile gehienek ordaindutako baimenarekin jarraitzen dute, eta atzo 39 lagun lanera joateko deituta zeuden. Dena den, azken lansariak jaso gabe jarraitzen dute beharginek, zati bat ordaindu dieten arren: «Enpresak 7.000-8.000 euro zor dizkigu langile bakoitzari», diote.
Zestoako TS Fundicionesek hartzekodunen konkurtsorako eskaera egin zuen Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian, eta balizko kaleratzeen aurrean, langileek hamaika mobilizazio egin dituzte azken hilabeteetan. Azkenekoz, manifestazioa egin zuten abenduaren 26ko Soro Peri Egunean, herriko kaleetan zehar.
Udalak, babesa langileei
TS Fundicioneseko lan gatazkaren harira, Zestoako Udalbatzak mozioa onartu zuen joan den abenduaren 17an egin zuten plenoan. Adierazpenarekin «gogor» salatu dute enpresako zuzendaritzak hartzekodunen aurrekonkurtsora jo izana, «Espainiako Gobernuaren lan erreforma baliatu eta bideragarritasun plan onartezina aurkeztu ondoren».
Udalak «babes osoa» adierazi die enpresako langileei, eta «laguntza eta bitartekoak» eskaini dizkie behar dutenerako. Era berean, herritarrei dei egin die mobilizazioetan parte hartu dezaten, «enplegu duinaren defentsa guztion zeregina baita».
Horrez gain, salatu dute Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformak langilea «babesik gabe» uzten duela nagusiaren aurrean, enpresa «bideragarria» izanda ere; «ekonomia eredu jakin baten bidegabekeria ere erakusten du, kapitalismo basatiarena», gaineratu dute. Zentzu horretan, TS Fundicionesena ez ezik, bainuetxeko lan gatazka ere aipatu dute.
EH Bilduk aurkeztutako mozioa da onartutakoa, koalizioaren aldeko eta EAJren aurkako botoekin. Erabakiaren inguruko azalpena eman nahi izan dute jeltzaleek, eta salatu dute ez dutela adierazpena aurrez negoziatu eta ados jartzeko modurik izan. «Adierazpen bateratua sortzeko eta alderdion artean ados jartzeko asmoa azaldu genuen, baina ez genuen horretarako aukerarik izan», adierazi du Josetxo Mendizabal EAJko zinegotziak. Honen arabera, hori izan da mozioaren aurka bozkatzeko arrazoietako bat. Horrez gain, azpimarratu dute EAJ ez dagoela TS Fundicioneseko «langileen aurka», baina udalak onartutako mozioaren edukiarekin ados ez daudela argitu dute, hala nola, beste enpresa batzuen kasuekin «nahasten» duelako TSko lan gatazka.