TSko langileek Zestoako Kuxabank hartu dute ordu eta erdiz

Urola Kostako Hitza 2013ko abe. 12a, 12:15

Ertzaintza eta hainbat langile, Kutxabank aurrean
(Ane Olaizola) Balizko kaleratzeen aurrean, TS Fundiciones enpresako langileek Kutxabanken Zestoako egoitzara jo dute protesta egitera. Barrura sartu dira arduradunen batekin hitzordua eskatzeko, langileen arabera, banketxe hori delako "zordun nagusia". "Bideragarritasun plana atzera botatzeko pausoak eman ditzala exijitu nahi diogu". Hasierako helburua lortu dute, eta Zestoako egoitzakoek hitz eman diete bankuko arduradunekin hitzordua lotuko dutela. Zentzu horretan, "gustura" agertu dira langileak. Hitzordua eskatzearekin batera, banketxea hartu dute dozenaka beharginek. Ordu eta erdi inguru egon dira barruan. "Kaleratzerik ez", "Hemen gaude lanpostuen alde",  "Kutxabank lapurrak" eta gisako oihu artean eman dute denbora. Hamar bat ertzainen zaintzapean egon dira han bildutakoak. Ertzainek hainbat aldiz esan diete han egoteko baimenik ez zutela, eta falta administratiboa jarriko dietela ohartarazi die. Langileek erantzun diete "une zailak" bizitzen ari direla, eta horregatik jo dutela protestara. Urriko eta azaroko soldatak jaso gabe daude. Langileen artean desadostasunak agertu dira orduan, aurrez eskatutako baimenaren harira. Tentsio uneren bat ere egon da batzuen artean. Langile batzuk kanpora irten dira, baina askok barruan jarraitu dute eserialdian. Ertzaintza eta langileen ordezkari batzuk bildu dira, eta poliziak ohartarazi die bost minututan banketxea utzi ezean, bide penaletara joko dutela, "men ez egitea" eta "banku-eroskeria" egotzita. Negoziatzen ari ziren bitartean, ordea, langileek euren kabuz banketxetik irtetea erabaki dute. Aste honetan egin dituzten mobilizazioen azkena izan da gaurkoa, eta hurrengo astean ere protestekin jarraitzeko asmoa dute. Zestoako TS Fundicionesek hartzekodunen konkurtsorako eskaera egin zuen Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian, baina langileen arabera, epaileak atzera bota zuen, "akats teknikoak" medio. Hala, zuzendaritzak gaur izango du berriro aurkezteko azken eguna. "Oraindik ez digute jakinarazi eskaera egin al duten", adierazi dute eguerdian langileek. Bitartean, beharginek lanera joan gabe jarraitzen dute, zuzendaritzak oporrak eman ostean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide