Zestoako Udalbatzak osoko bilkura egin zuen ostegunean, eta han Ixiar eta Izaskun Sagartzazu Bilduko zinegotziek beraien karguak utzi zituzten. Plenoan irakurritako idatziaren bidez esan zuten
TS Fundicioneseko aferak bultzatu dituztela kargua uztera. «Enpresa honetan sortu den lan gatazkak eta kalean bizi izan diren presioak erabat zipriztindu naute. Nahiz eta zuzendaritzan eta enpresaren administrazioan ni ez egon, %1eko akziodun izateak politikoki zalantzak eta kontraesanak sortu ditu nire zinegotzi karguetan», zioen Ixiar Sagartzazuk, erabaki hori hartzera «udaletik kanpoko arazoek» eraman dutela berretsiz. Izaskun Sagartzazuk honakoa zioen: «Nik argi eta garbi izan arren enpresa honekin zuzenean ez dudala inongo loturarik, arazoaren tartean sartuta nagoela sentitu dut eta horren aurrean babesik gabe sentitu naiz. Horregatik, zinegotzi kargua uztea erabaki dut». Biek ala biek, udalean «ilusioz» lan egin dutela azaldu zuten. Egindako lanagatik, Udal Gobernuak eta bi zinegotziek eskerrak eman zizkieten elkarri. Ruben Alberdi jarduneko alkateak berretsi du TS-ko auziak eta sortu duen «tentsioak» eraman dituztela kargua uztera. Ez du zehaztu nortzuk hartuko duten haien karguak.
Bestetik, etxe kaleratzeen inguruko adierazpen instituzionala onartu zuen Udalbatzak, eta hainbat konpromiso hartu zituzten, Bilduk eta EAJk aurrez adostuta. Udalak «eskandaluzkotzat» eta «larritzat» jo ditu etxe kaleratzeak eta Hipoteka legea, «erreskatetik etekinak ateratzen ari diren bankuek herritarrak etxerik gabe uzten dituztelako».
Besteak beste, adierazi dute desjabetzeak bertan behera uzten ez dituzten finantza erakundeekin duten harremana «berraztertu» egingo dutela. Era berean, halakorik jasan duten herritarrei informazioa eta eta laguntza emateko baliabideak jarriko ditu, eta kaltetuen eskura telefono zenbaki bat eta email-a jarriko dute. Udalak etxegabetze prozedurarik ez duela bultzatuko eta horietan ere ez duela parte hartuko agindu dute.