Marian Aramendi, anaia besarkatzen
Marian Aramendi zestoarra larunbat gauean iritsi zen Zestoara. Frantzian egon da espetxean, ETAko kide izateagatik. 2004ko uztailean atxilotu zuten Saintesen (Frantzia), Julen Eizagirre zestoarrarekin batera. Joan den larunbatean aske utzi zuten Madrilgo aireportuan, eta handik Zestoarako bideari ekin zion, senitartekoekin eta lagunekin batera. Aramendi 1991tik herritik kanpo egon da.
2004an atxilotu bazuten ere, ordutik bost urte eta erdira epaitu zuten Parisen, Frantziako Auzitegi Kriminalean, Eizagirrerekin batera. Biei 12 urteko kartzela zigorra ezarri zieten, ETAko kide izan eta material elektronikoa erosteko eta lehergaiak aktibatzeko gailuak egiten zituen aparatu logistikoa osatzea egotzita. Epaiketan Aramendik «espetxean bizitako egoera txarra» salatu zuen.