Eusko Jaurlaritzak onartu du Zestoan anbulatorio berria egiteko 800.000 euroko partida, eta, beraz, herritarrek hurrengo urtean baliatu ahalko dute azpiegitura. Udalak «pozez» hartu du albistea, Jaurlaritzak proiektua onartu izana hura gauzatzeko «bermea» izango delakoan. «Oso gustura gaude, anbulatorio berria edukitzeko behar handia dagoelako herrian», adierazi du Ruben Alberdi jarduneko alkateak.
Udala osatzen duten Bildu eta EAJ alderdiak elkarlanean aritu dira proiektua aurrera eramateko, eta horrek eman ditu bere fruituak. «Halakotan emaitzak hobeak izaten dira, eta kasu honetan ere hala gertatu da. Negoziatzeko eta presioa egiteko eraginkorra izan da EAJren laguntza».
Anbulatorio berria Euskal Herria plazan egongo da. (Ane Olaizola/Hitza)
Gaur egungo anbulatorioaren sarrera (A.O./Hitza)
Duela urtebete udalak hartu zuen proiektua egiteko ardura bere gain, eta orain azken ukituak emango diozkiote. Bilerak egingo dituzte dagokien erakundeekin, eta Osakidetzak proiektua lehiaketa publikora aterako du. Aurreikuspenen arabera, datorren urte hasieran emango diote proiektua lanak egiteko ardura izango duen enpresari. «Jaurlaritzak 2014an gastatu behar du onartutako partida. Beraz, lanak orduan hasiko dituzte». Anbulatorio berria 2014ko Gabonetarako amaituta izatea espero du udalak.
Anbulatorio berrirako premia ez ezik, «eskaera handia» ere badagoela nabarmendu du alkateordeak. Izan ere, egungoak irisgarritasun arazo «ugari» dituela salatu dute behin eta berriro. «Behin baino gehiagotan gertatu da anbulantzia etorri, anda gurpilduna barrura ezin sartu, eta medikuak gaixoa kalean artatu behar izana», jarri du adibidetzat.
Anbulatorio berriak, berriz, irisgarritasun arazoak konponduko dituela berretsi du. Euskal Herria plazan egingo dute, gaur egunekotik metro gutxira. 554 metro koadroko egoitza izango da —egungoak 155 metro kuadro erabilgarri ditu— , eta anbulantzia bertaraino iritsi ahal izango da eta ez du eskailerarik izango, besteak beste.