Zestoako Udalak eutsi egingo die zergei eta tasei datorren urtean

Ane Olaizola 2013ko azaroaren 5a

Aizarnazabalen eta Zestoan onartu dituzte hurrengo urteko udal tasak eta zergak. Zestoako Udalbatzarrak ostegun iluntzean egin zuten bilkura, eta aho batez onartu zituzten ordenantza fiskalak. Izan ere, udala osatzen duten Bildu eta EAJ taldeek aurrez adostuta zituzten ordenantza fiskalak. Udalak 2014ko tasak eta zergak izoztea erabaki du, egungo egoera kontuan hartuta. «Egoera ekonomiko zaila ari gara bizitzen, eta jakitun gara herritarrak estu daudela. Beraz, tasak mantentzeko apustua egin dugu», adierazi zuen Ruben Alberdik, Zestoako jarduneko alkateak. Zerbitzu gehienek ez dute igoerarik izango, baina uraren eta zaborraren gaineko tasa KPI adina, %1,5, igoko dute. Udalak adierazi duenez, ez du ordenantza berririk ezarriko. Hori hala, iaz ezarritako etxebizitza hutsen gaineko gainkargarekin jarraituko dute. %50eko gainkarga izango dute herritarrek kasu horretan. Aizarnazabalen, tasak gora Aizarnazabalen, berriz, bestelako irizpideak hartu dituzte kontuan, eta udal tasa eta zerga ia guztiak KPI adina igoko dituzte hurrengo urtean. %2,9ko igoera izango dute uraren, zaborraren, pilotalekuaren, ibilgailuen, kaleko salmenten, estolderiaren edota probalekuen gaineko tasek. Beste hainbat zerbitzu, berriz, egokitu egin dute. «Inguruko herrietara moldatu ditugu, besteen aldean prezio oso baxuak genituelako». Besteak beste, hilerriaren gaineko tasak igo egingo dituzte, eta horma-hilobia hamar urtez erabiltzea 10 euro garestiago izango da; orain arte 220 euro kostatzen zen, eta hurrengo urtetik aurrera 230 euroko prezioa izango du. Fotokopiak egiteko zerbitzua ematen dute udaletxean eta udal liburutegian, eta tarifak ere igo egingo dira datorren urtean. Zuri-beltzeko fotokopiek bost zentimo gehiago balioko dute, eta koloretan egiten direnek 70 zentimo gehiago; gisa horretako fotokopia bakoitzak 85 zentimo kostatuko da, beraz. Udalak joan zen astean onartu zituen 2014ko udal tasa eta zergak, aho batez. Errezilen, ostegunean Errezilen etzi dira 2014ko ordenantza fiskalak onartzekoak. Udalak 21:00etan egingo du osoko bilkura, eta han landuko dituzte udal tasa eta zergak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide