Kepa Peñagarikano: "Anatomiaz eta gaixotasunez ikastea beti gustatu izan zait"

Nerea Uranga 2013ko urr. 31a, 15:32

(Nerea Uranga/Hitza) Kepa Peñagarikano (Azpeitia, 1981) pilotari profesionala da 2001etik. Pilota kontratua urtebetez luzatu ziotela eta, etorkizunerako bide berriak zabaltzeko asmoz ikasten hasi zen. Kirola eta osasuna ditu gustuko, eta bihar uztartu nahi ditu bere bizitzaren bidean. Masaje ikasketak bukatu, eta orain Osteopatia bukatzear da. «Horixe da benetan gustatzen zaidana. Gainera, kirol munduarekin lotuta segitzea ahalbidetuko lidake masajista lanbideak». Ikasten hasi, eta suhiltzaile izateko oposaketetarako hainbat ikastaro egin zuen Peñagarikanok; tartean, anbulantzietako langile izatekoa. Orain, lan horretan ere badabil, ordezkapen bat eginez. Anbulantziarekin lanean, nolatan? Aurrez anbulantziako langilea izateko hainbat ikasketa egin nuen, eta iazko udan deitu zidaten aurrenekoz lan honetarako. Bietara egiten dut lan, erizain bezala edo txofer gisa. Azkenean lana bera da. Aldatzen dena zera da: bidaia egiterako orduan bietako batek txofer egiten du, eta bitartean bestea atzean joaten da,  gaixoarekin. Jende askok galdetzen dit zer egiten dudan nik lan horretan. Paziente batek «Zu pilotaria zara, ezta?», galdetu zidan. Kurtsoak egin ditut lan horretan jarduteko, eta orain orain hor ari naiz. Osasungintza gustuko al duzu? Bai, beti gustatu izan zait. Batxilergoko adarra aukeratzerako orduan ere osasun arlotik jo nuen, beti gustatu izan zaidalako medikuntza eta osasun arloa. Gaixotasunez, organoez... txikitatik gustatu izan zait kontu horien gainean ikastea. Ibilian-ibilian, orain bietan zabiltza: kirolean eta osasungintzan. Bai, hala da.Anbulantzian lan egiteko iazko udan deitu zidaten aurrenekoz. Normalean udan lan gehiago egoten da, langile batzuk oporrak hartzen dituztelako eta ordezkapenak egiteko jendea behar izaten dutelako. Iazko abuztuan lan asko egin nuen. Baina gero, urtean zehar, ez didate deitu. Orain, berriz, baja bat kubritzen ari naiz Urola Erdian. Pilota eta anbulantzietako lana uztartzea posible al da? Orain arte horretarako aukera izan dut. Anbulantzian hamabi orduko txandak egiten ditugu, zortzietatik zortzietara bitartekoak. Egunez lana egiten dudanean, arratsaldeko zortzietan lanetik irten, eta ordubete edo bi ordu lasterka egitera joateko tartea hartzen dut. Libre ditudan egunetan, berriz, pilotako entrenamendu gogorragoak egiten ditut. Asteburuetan anbulantzian lana egin behar, eta pilota partidaren bat jokatzekoa banaiz, lankideekin txanda aldatzeko aukera ere badut. Lanetik irten eta entrenatzera joaten zara. Hamabi ordu lan egin eta ez al zara nekatuta egoten? Oraindik anbulantziatan ordezkapenak egitea egokitu zait, ebentuala naiz. Baina ez da lan neketsua, esfortzu handia egin beharrekoa. Beraz, lanetik irten eta entrenatzera joatea ez da horrenbestekoa. Gainera, lanetik lasterka edo kirol pixka bat egiteko gogo biziarekin ateratzen naiz. Larrialdi deien zain denbora egon behar izaten al da? Bai, bai. Egun batzutan ia irteerarik ez dugu izaten eta hurrengoan, berriz, bost irteera. Eguraldiak eta eguraldiaren aldaketak eragin handia izaten dute. Esaterako, arnasteko arazoak edota alergiak dituztenekin lan asko egin behar izaten da eguraldia aldatzen den garaietan. Ederki antzematen da, larrialdiko irteera gehiago izaten dira. Orain Azpeitia-Azkoitia inguruan ari zara lanean. Beste eremu batzuetan lanean ibiltzea ere egokitu al zaizu? Bai. Enpresak Gipuzkoa osoan ditu anbulantziak, eta uda garaian Zumaia-Zarautz inguruan ibili naiz; han hemen baino lan gehiago izaten da. Ordezkapenak egiten ditudanez, dagokidan tokira joan behar. Anbulantzietan lanean jarduteko balio ere egin beharko da, ezta? Niri orain arte ez zait ezer larria egokitu, baina gertatu izan zait dei bat jaso, joan eta pertsona hilda egotea. Horrelakoak nahiko natural hartzen ditut. Dena den, badut istripu larriren baten aurrean erantzuteko gai izango naizen jakiteko gogoa; benetan lan honetarako balio dudan jakitekoa. Baina, nahiko hotza eta lasaia naiz, eta ez dut uste arazorik izango nukeenik. Lan horretarako lasaia eta hotza izatea hobe izango da. Bai, hala da, baina azkenean guk gure lanean protokoloa jarraitu behar dugu, jakineko pauso batzuk bakarrik emanez: oxigenoa jarri, inmobilizatu, gorputz jarrera aldatu, anbulatoriora edo eraman behar den tokira eraman, eta bidean medikuarekin telefonoz hitz egin. Hortik aurrerako kontuak egiteko beharra dagoenean, edo oso egoera larria denean, anbulantzia medikalizatuak artatzen ditu gaixoak edo pazienteak. Baina, egia da, une txarrak ere izaten dira, antsietatea, nerbioak... Askotan  artatu behar dugun pertsonaren ingurukoak edo senideak bueltan izaten dira, eta jendea ere urduri jartzen da. Ni saiatzen naiz horrelakoetan inguruan patxada pixka bat jartzen. Anbulantziako sirenak eta argiak ere ez dira bada, oso lasaigarriak. Askotan anbulantziara pazientea sartu, eta esan izan digute sirenak urduri jartzen dutela, edota hain larri ez daudela. Baina larrialdiko kontua denean, eta ez dakigunean zer duen gaixoak, ospitalerako bidaia ahalik eta azkarren egin behar dugu. Hortaz, sirenak eta argiak beharrezkoak dira. Larria ez den kasuetan saiatzen gara sirenak-eta ez jartzen, pazientea lasai eta gozo joan dadin. Gainera, hemen Zumarragarako bidea den bezalakoa izanda... Osasungintzan murrizketak egin dituzte. Anbulantzietako langileoi eragin al dizue? Bai, Gipuzkoan dauden baseetatik 11 kudeatzen ditu nik lana egiten dudan Gipuzkoa Emergentziak enpresak. Baina lehiaketa egin dute, eta hiru baserekin bakarrik gelditu da enpresa. Beste asko Valladolideko enpresa batek hartu ditu. Gu orain Azkoitiko Gurutze Gorriaren egoitzan gaude anbulantziarekin, eta orain esan digute enpresa horrek Azpeitiko Pablo VI.a auzoan hartu duela lokala eta moldatzen ari direla. Hor aldaketak egongo dira. Finko dauden langileak finko daude, baina esaten ari dira jende asko kaleratzen ari direla, eta enpresa horrek bere langileak ekarriko dituela. Zalantzak eta beldurrak badaude langileen artean; jendea nahiko kezkatuta dago. Masajista ere aritzen zara. Ikasi dut lanbide hori ere, baina hor ere, gauza askotan bezala, praktika behar da, eta horretan ari naiz. Azken bi urteotan Zestoako Futbol Taldean masajista nabil. Futbolean lesio asko izaten da, eta esku hartzeko era ona iruditzen zait. Teoria jakitea gauza bat da, eta beste bat praktikan jartzea. Azpeitiarra zara izatez, eta Donostian bizi zara. Nondik datorkizu Zestoarekiko lotura? Urte askoan entrenatu naiz Zestoan, eta lagun asko ditut han. Beti han ibili naiz, eta orain ere hantxe nabil. Lehen neuk hartzen nituen masajeak, eta orain neuri ematea tokatzen zait. Pilota mundua nola dago egun? Pilota munduan ere, Euskal Herri osoan bezalaxe nahiko justu dago asuntua. Ikasten hasteko eta beste bide batzuk jorratzen hasteko nire arrazoietako bat horixe izan da. Duela hiru urtetik, kontratuak urtebetekoak izan ditut. Buruari bueltaka hasi, eta ikasten hasi nintzen. Neure burua pilotan beste hiru-lau urtean segitzeko moduan ikusten dut, baina datorren ekainean kanpora gelditu, eta etxera joan beharra gerta liteke. Beraz, etorkizunari begira bide berriekin pentsatzen hasi beharra neukan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide