Gaur egin duten lanuzteko irudi bat (Hitza)
Soldata kobratu gabe daudelako eta etorkizuna ilun ikusten dutelako bi orduko lanuztea egin dute gaur TS Fundiciones lantegiko beharginek. Lana egiteko lehengairik gabe daudela esan dute Enpresa Batzordeko ordezkariek. «Langileekin eta hornitzaileekin zorretan dago enpresa, eta ezin die eskariei aurre egin, ez duelako lehengairik». 150 langile inguru ditu gaur egun TS Fundicionesek. «Garai batean 350 zituen eta orain erdia baino gutxiago», esan dute langileek.
Enpresak egoerari aurre egiteko bideragarritasun plana baduela esan die langileen ordezkari sindikalei, baina ez die erakutsi. «Ez digute plan hori erakutsi, ez dakigu zer dioen. Hala ere, kaleratzeak, soldata jaitsiera eta lanaldia gehitzea etorriko zaizkigulakoan gaude. Ezer onik ez dugu aurreikusten. Horrek erakusten du urtearen hasieran sinatu genuen bi urterako bideragarritasun planaren gaineko akordioa hankaz gora uzten duela enpresaren zuzendaritzak».
Zestoako TS Fundicioneseko langileek joan den urtarrilaren 14an enpresako zuzendaritzarekin akordioa lotu zuen, eta urtarrilaren 8an hasita zuten greba bertan behera utzi zuten. Ituna «orokorrean positiboki» baloratu zuen garai hartan LAB sindikatuak. «Hitzarmen horren ondorioz, enpresak 49 langile kaleratzeko aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostena (LET) atzera bota behar izan du», esan zuten orduan sindikatutik.
Konpondu ezean, grebara
Orain, hilabete batzuk geroago, hitzarmen hura «hankaz gora gelditzeko» aukera ikusten dute langileek. Gaur, azken soldata kobratu gabe zutela-eta bi orduz lanik egin gabe egon dira beharginak. Gainera, egun hauetan kontuak konpontzen ez badira, eta enpresak soldatak eguneratzen ez baditu, astelehenean greba hasiko dutela esan dute.
Datorren astelehenetik ostegunera bitartean dute greba aurreikusita.
Bideragarritasun plan berriaren gainean puntu bakar bat ere ez dutela onartuko aurreratu dute langileen ordezkariek. «Azken bost urteotan soldatak izoztuta dauzkagu. Langileoi okerrerako eragingo digun beste punturik ez dugu negoziatuko orain». Dena den, plana zein den ez dakite. «Zuzendaritzakoek ezkutuan daukate», salatu dute langileek.
Zestoako planta zabalik
TS Fundicionesek Zestoan zuen lantegia itxi egin zuen, eta hango langileak eta jarduna Arroakora eraman zituen. Langileek esan dutenez, orain berriro Zestoako planta ireki eta martxan jarri du. «Zestoako lantegian makina erremintako lanak egiten ziren, eta Arroakoan, berriz, eolikoak. Baina bi eginkizunak tailer batean ezin zirela egin, eta orain berriro lehengora eraman ditu enpresak», azaldu dute langileek.