Endoiako Uztapide plazan hasi eta bukatuko da Endoiako mendi lasterketa (Nerea Uranga/Hitza)
Mendi lasterketek sekulako gorakada izan dute azken urteetan Euskal Herrian. Eskualdean ere gero eta zaletu gehiago dago, eta horrekin batera, proba berriak sortzen joan dira pixkanaka-pixkanaka: Aiakoa, Oriokoa eta Zumaiakoa, besteak beste. Zerrendara gehitzen azkena Endoiako Mendi Lasterketa da, igande honetan jokatuko dena estreinako aldiz. Endoiako auzokideen ekimenez eta Zestoako eta Debako udalen laguntzarekin sortu dute proba.
Auzoko bizilagunek euren arteko harremana indartu nahi zuten, eta, bide batez, auzoari bizia eman. Hori horrela, egun batez kirol festa egitea erabaki dute. Akoako Biraren eredua kontuan hartuta, Endoiako mendi lasterketa antolatu dute. Proba etzi goizean jokatuko da, 11:00etan hasita, eta lasterkariek 8,6 kilometroko ibilbide gorabeheratsua osatu beharko dute.
Uztapide plazatik abiatuko dira parte-hartzaileak. Jarraian, bidezidorretik Agiro alderantz hartuko dute, errepidea atzean utzita. 650 metrotara igoko dira, eta han inguruan bi kilometro inguru gora eta behera aritu ondoren, bidezidorretik plazara itzuliko dira. «Inguruari itzulia emango diote korrikalariek, Ekaingo kobazuloak eta Zestoako harrobia ikustaraziz. Paraje oso politak dira, eta jendeak zonaldea ezagutzeko aukera izango du», azaldu du Zestoako udaleko kirol koordinatzaile Antselmo Astiazaranek.
Parte-hartze mugatua
Parte-hartzaile kopurua 150 lagunetara mugatu dute. «Jende gehiegi izatea ere ez litzateke egokia izango korrikalarientzat, ezta ikusleentzat ere, korrika egiteko lekua ez delako oso zabala», jakitera eman du kirol koordinatzaileak. Oraingoz ia 40 lagunek eman dute izena. Astiro doan arren, pixkanaka-pixkanaka jende gehiago animatzen joango dela uste dute antolatzaileek. «Akoako Birari ekin genionean ere kostatu egin zitzaigun martxa hartzea. Orain, jada, 150 lagun urtero-urtero izaten ditugu», gaineratu du itxaropenez Astiazaranek.
Izena aurretik eman daiteke Herrikrossa.com webgunean, 10 euro ordainduta. Egunean bertan ere egin ahal izango da inkripzioa, eta proba hasi baino ordu erdi baino lehen itxiko dituzte zerrendak. Proba egunean 13 euro kostako da izena ematea.
Partaide guztiek, parte hartzeagatik bakarrik, elastikoa jasoko dute oroigarri. Probako garaileak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, txapela jantziko du, eta nekazari etxe batean egonaldia eskuratuko du. Lehen hiru sailkatuek garaikurra izango da, eta parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatuko dute. Era berean, hamaiketakoaz gozatzeko parada izango dute kirol festara gerturatzen diren guztiek.
Mendi irteera
Endoiako I. Mendi Lasterketa jokatuko dela eta, Zestoako Agiro Mendi Taldeak proba ikustera joateko goiz bueltako irteera antolatu du iganderako. Hitzordua 08:30ean jarri dute, Gurutze aurrean, eta Zestoa-Sasiarte-Endoia ibilbidea osatuko dute mendizaleek. Irteeran parte hartu nahi duten herritarrek udal kiroldegian eman beharko dute izena; horretarako azken eguna gaur izango da, gainera.