Zestoako Librek frontoia betetzeko erronkari heldu dio

Nerea Uranga 2013ko irailaren 19a

Zestoako Libre plataformako kide batzuk, herriko frontoian. (Nerea Uranga/Hitza) Libre dinamika martxan da Zestoan ere. Espainiako Auzitegi Nazionalak urrian hasiko ditu Herriko tabernen auzi-ko eta Segiko kide izatea leporatutako gazteen kontrako epaiketak. Horien aurrean, gizartearen babesa eta konpromisoa lortzeko asmoz, Libre plataforma sortu dute Euskal Herrian, eta herriz herri errotzen ari dira. Zestoan epaiketa horien kontra eta Mikel Arregi Ertxin herrikideari babesa emateko lanean ari dira. Ertxin da epailearen aurretik igaroko denetako bat. Besteak beste, urriaren 11n Zestoako kiroldegiko frontoia jendez betetzeko erronkari heldu dio Librek. Zestoako Libre dinamikako kidea da Amagoia Andres, eta zera dio: «Ekainean jakin genuen Auzitegi Nazionalean urrian hasiko diren epaiketen berri, eta epaituen artean Mikel Arregi Ertxin herritarra dugu. Orduan, Zestoan hiru-lau pertsona bildu, eta herri mailan ere erantzun bat eman beharra zegoela pentsatu genuen». Segidan, deialdi zabala egin, eta 15 pertsona bildu ziren lanerako. «Lehenik eta behin, jendea informatu behar zela pentsatu, eta buzonada egin genuen». Ondoren herriko hainbat tabernari, dendari, elkarte, talde eta koadrilarekin ere bildu dira epaiketen nondik norakoak azaltzeko. «Informatzearekin batera, jendearekin konpromisoa lortu nahi izan dugu». Herritarren konpromisoa Herritarren konpromisoaren isla urriaren 11rako antolatutako ekitaldia izango dela diote. Egun horretarako, kiroldegian herriko talde, eragileek eta norbanakoek parte hartuko duten ekitaldia antolatzen ari dira, frontoiko aulki guztiak jendez betetzeko asmoarekin. «Urriaren 11ko ekitaldiaren helburua epaiketak salatu eta herrian Ertxini babesa ematea izango da. Erronka handi samarra da, baina betetzeko asmoa daukagu», dio Zestoako Libre dinamikako Amaiur Aristik. Egun horretan 18:45ean herriko plazan bildu, eta kiroldegira joango dira. Partaideak herriko taldeak eta norbanakoak izango direla aurreratu dute. «Taldeekin-eta bildu garenean haiei eskatu diegun konpromisoa ekitaldian ekarpen bat egitea izan da». Uste baino harrera hobea jaso dutela diote. «Erantzuna ona izan da, eta lehen unetik lanean hasi dira». Baina urriko ekitaldia antolatzearekin batera, herrian «informazioa zabaltzeko eta atxikimenduak lortzeko lanean» segituko dute. Besteak beste, bideo bat egingo dute, eta Libre. Epaiketarik ez dokumentuari herritarrek atxikimendua emateko mahaiak jarriko dituzte herrian. Dena den, «apusturik nagusia urrian 11n Zestoako frontoia betetzea da», diote. Baina lanari ez diote orduan utziko Librekoek: «Gero epaiketa hasiko da. Orduan ere elkartasuna adierazten eta gure desadostasuna agertzen segiko dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide