Egitaraua
Urriak 5, larunbata
- 10:00etan. Bailarako jubilatuei ongi-etorria egingo diete plazan.
- 10:30ean. Loiolara ibilaldia egingo dute, Azpeitiko plazatik. Bidean seinaleak jarriko dituzte.
- 10:30ean. Mus txapelketa hasiko da.
- Aldi berean. Toka eta igel jolasak.
- 12:00etan. Mokadutxoa egingo dute, ardo eta txotxeko sagardoarekin. Txartelak plazan bertan banatuko dituzte
- Aldi berean. Trikitilariak, abeslariak eta bertsolariak.
- 14:30ean. Bazkaria egingo dute Azpeitiko azoka plazan. Sarrerak hilaren 26ra bitartean eros daitezke, Azkoitiko Plaza Ondo, Azpeitiko Baigera eta Zestoako Gurutze elkarteetan.
- Bazkalostean. Abeslariak, bertsolariak, eta dantza saioak.
Bailarako jubilatuentzat egun garrantzitsua izango da urriaren 5a. Lehen aldiz, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Plaza Ondo, Baigera eta Gurutze jubilatu elkarteek bat egin, eta bailarako Jubilatu Eguna prestatu dute egun horretarako.
Orain arte bakoitzak bere kasara eta bere herrian antolatu izan du gisa horretako jardunaldia, baina aurten hiru elkarteek bat egin dute, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako erretiratuek eguna elkarrekin igaro dezaten. «Hiru herrietako jubilatuak elkartzea izan da gure asmoa, elkar ezagutzen ez dutenek elkar ezagutu dezaten, eta ezagunak direnak tratua berreskura dezaten», adierazi dute antolatzaileek.
Azpeitia izango da aurtengo topalekua, eta jaia hiru elkarteek lankidetzan antolatu dutenez, ohi baino egitarau osatuagoa izango du. Festa giroan ospatuko dute beren eguna erretiratuek, eta bertaratzen direnek askotariko ekimenak izango dituzte. Besteak beste, Azpeitiko plazatik Loiolara ibilaldia egingo dute. Bazkaria ere izango dute Azpeitiko azoka plazan, eta txartelak salgai daude jada. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako jubilatuen elkarteetan eskura daitezke, 18 eurotan, hilaren 26ra bitartean.
Antolatzaileek ez dute baztertu hurrengo urteetan gisa horretako jardunaldiak modu bateratuan antolatzea, eta herrietan egiten diren Jubilatu Egunak eta omenaldiak orain arte bezala ospatzen segitzeko asmoa dute.