Herriko kaleei bizi ematea du ekimenak helburu (Ane Olaizola/Hitza)
Zestoako Udalak eta merkatarien eta ostalarien elkarteak herrigunean hutsik dauden lokalen erakusleihoak apaintzeko irudi lehiaketa antolatu dute. Antolatzaileek gune horiek apaintzea dute helburu, «kaleei bizia emateko, irudi komertziala hobetzeko eta herriko merkataritza susatzeko».
Proiektua garatzeko ideiak Zestoan bizi diren hamasei urtetik gorako lagunek aurkez ditzakete. Jorratu beharreko gaiak herriarekin lotura izan behar du, beti ere herriko merkataritza eta giroa sustatzea helburu duela. Irudiak, gainera, behar adina leku izan beharko du udalaren eta egitasmoa finantzatzen duten erakundeen logotipoak sartzeko. Nahi izanez gero, merkataritzarekin lotura duen lema ere jarri ahalko da. Banaka nahiz taldeka aurkez daitezke lanak, irailaren 30a bitartean.
Proiektua garatzerakoan, merkataritza eremuko eta herritar gehien ibiltzen den kaleetako lokal hutsek izango dute lehentasuna; Gesalaga kalea, Portale kalea, Erdikalea, Foru plaza eta Laranjadi plaza inguruak, hain zuzen ere. Lanak baloratzerakoan, berriz, honako irizpideak hartuko dituzte kontuan: proposatutako irudia lokal jakin baterako izatea, eta lokalaren ezaugarrien arabera neurrira diseinatutakoa izatea. Era berean, balio artistikoa eta sinbolikoa irudikatzeko ahalmena izan beharko dute. Diseinu «berritzailea eta erakarkarria» izatea ere baloratuko du epaimahaiak.
Gehienez, hamar lan
Gehienez hamar lan aukeratuko dituzte, eta lehen hiru sarituek 250, 150 eta 100 euro, ostalariek eskainitako afaria eta merkatariek eskainitako otarrak jasoko dituzte. Gehienez hamar lan garatuko dituzte herrian. Epaimahaiari dagokionez, berriz, Zestoako Udaleko merkataritza eta ostalaritza lan mahaiko kideek eta diseinu edo komunikazio arloko profesional batek osatuko dute.
Lanak egiteko teknika librea erabil dezakete partaideek, eta paperezko euskarrian (Din A4 formatuan) edo euskarri digitaldean (disko eta pendrive batean) ditzakete.
Lanak aurkezterakoan, izenburu bat zehaztu beharko dute, eta lokal jakin baterako proposatutakoa bada, gunearen helbidea idatzi beharko dute. Euskarri digilatean aurkeztu behar da, izenburuarekin. Horrekin batera, gutun azal itxi bat aurkeztu beharko dute, kanpoaldean lanaren izenburua zehaztuz. Barruan, berriz, honako datuak jarri behar dituzte: lanaren izenburua, lokal hutsaren helbidea, izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta NAN-aren fotokopia. Honako helbidera aurkeztu behar dira proiektuak: Zestoako Udala. Foru plaza 1, 20740 Zestoa.
Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, lehiaketan parte hartuko dutenen lanekin erakusketa egitea aztertzen ari da udala. Informazio gehiago 943-14 70 10 telefonora deituta lor daiteke.