Aizarnan herri elkarte berria eta kultur etxea egiteko lanak hasi dituzte

Nerea Uranga 2013ko irailaren 13a

Aitzbarna Kultur Elkartearen egoitza berriaren eta Aizarnako kultur etxea izango denaren lanak hasi ditu Zestoako Udalak eskola zaharra izandako eraikinean. Herenegun hasi zituzten eraikina barrutik hustu eta barruko egitura egonkortzeko eta eraikitzeko lanak. Urte bukaerarako aurreneko lanak bukatzea aurreikusi du udalak. Kultur etxea egiteko obrak hasi dituzte eskola zaharrean (Nerea Uranga/Hitza) Aizarnako herri elkartea eta kultur etxea egiteko aurreneko lan hauetarako 140.000 euroko aurrekontua du Zestoako Udalak. Hiru solairu ditu eraikinak, eta lehenengoan egongo da elkartea. Gainontzeko bi solairuak kultur etxearentzat izango dira. Behin eraikinaren barruko egituraren lanak bukatutakoan, herri elkartekoen lana izango da aurreneko solairua hornitzea eta bertako antolaketa erabakitzea. «Lanak hasi dira, baina oraindik asko dago egiteko. Herritarron artean bilerak egin beharko ditugu, ahalik eta parte hartze handienarekin antolaketa eta erabilera erabakitzeko», azaldu du Ander Bergara aizarnarrak. Dena den, Bergararen esanetan, herri txikietan herri elkarteek garrantzia handia dute, eta aizarnarrek gaiaren gainean «interes handia» erakutsi dute. «Udalak deitu dituen bileretan jendeak hartu du parte», dio. Gaur egun Aizarnako elkartea Parrokiaren eraikinean dago, Zestoako Udalak Parrokiako arduradunekin egindako hitzarmenari esker.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide