(Ane Olaizola/Hitza)
Zestoan festa usaina nabari da. Plazako balkoitik Andre Madalen Liliko andreak txupinazoa bota ondoren hasiko dituzte ofizialki amabirjinak, eta herritarrek ekitaldiz jositako asteburua izango dute aurretik. Plazan dagoeneko ari dira prestaketa lanetan, eta zekorketetan ariko diren zezenak jada eraman dituzte hara. Josu Arregi
Lopene (Zestoa, 1988) buru-belarri dabil prestaketetan. Izan ere, aurten Lopene ganadutegikoek eta herritar batzuk izan dute zekorketak antolatzeko ardura.
Zer moduz zabiltzate antolaketa lanekin?
Azkeneko lanekin gabiltza; egin beharrekoa dagoeneko egina dago. Zekorketak antolatzeko ardura hartu genuenerako lan gehiena egina zuen udalak. Orain, ganadutegikoekin hitz egin eta datak lotzen jardun dugu. Horrez gain, zaldiak eta horiekin irteteko jendea aurkitzea izan da egin behar izan duguna. Aurtengoa, behintzat, nahiko erraza izan da.
Zezenak zuek aukeratu al dituzue?
Ez, hori udalak lotu zuen. Beraz, ez gara joan zezenak ikustera.
Horren penatan al zaudete?
Nahiago genukeen geuk ikusi eta gustukoenak aukeratu izan bagenitu, baina aurten ezin izan da. Festetarako hilabete bat falta zela hartu genuen antolatzeko ardura. Beraz, denbora gutxi genuen guztia egiteko.
Zer dela eta erabaki zenuen zekorketak antolatzea?
Zezen bolaztatuak ditut, eta horiek kalera ateratzeko aurrekontua eskatu nuen udaletxean. Egunkarian irakurri nuen orain arte zekorketak antolatzen zituen Buruzuri elkarteak aurten ez zuela egingo. Beraz, aukera polita iruditu zitzaigun. Udalak jarritako baldintzak egokiak iruditu zitzaizkigun, baina proposatu genien zezen bolaztatutak gureak izatea, guk ere irabaziak izateko.
Zure zezenak ateratzea gustatuko al litzaizuke?
Zekorketetan atera ahal izateko lur-sail asko eduki behar da. Gustatu, gustatuko litzaidake, baina ezinezkoa da.
Nolako zezenak dira?
Ez ditut ikusi. Esan didatenez, urterokoen antzekoak izango dira.
Eta toreatzaileak?
Espainian egiten duten ligan aurrena dagoen toreatzailea izango da igandekoa: Angel Sanchez Baeza. Ostiralekoa, Joaquin Galdos Moreno, oso ondo dabilela esan didate. Baina guztiek ez dute egun berdina izaten, eta ikusi egin beharko da.
Orduan, maila altuagoa izango al dute aurten zekorketek?
Antzekoa izango dutela esango nuke. Oro har, ikasten ari diren gazteak dira etortzen direnak, eta lehenengo mailan daudenak ere halako plazetatik pasatu behar izaten dute.
Nolako erantzuna izatea espero duzu?
Ez dakit, eguraldi txarra baitago iragarrita. Eguraldi ona eginez gero plaza beteko da. Baina euria eginez gero, zeinek ikusiko ditu zekorketak?
Hurrengo urterako zer asmo duzu?
Hurrengoan ere zekorketak antolatzeko asmoa dut. Udalarekin hitz egin dut. Bi aldeak gustura geratzen bagara, aurrera jarraituko dugula hitz egin genuen.
Zekorketez gain, gisa horretako zer ekitaldi egingo dituzue?
Gaur eguerdian umeentzako zezen txikiak, pottokak eta basurde bat aterako ditugu. Arratsaldean, zekorketen ondoren, laupabost zezen bolaztatu izango dira.