Uztailean Herritarron Epaia Azpeitian Herrira Egunean izan zen, igandean Zelatunen izango da. (Julene Frantzesena/Uztarria.com)
Datozen egunetan hainbat ekitaldi egingo dute preso politikoen eskubideen defentsan. Errezilen 197/2006 Doktrina bertan behera uzteko atxikimenduak lortzeko saioa egingo dute igandean. Errezilgo Herrirak antolatuta,
Parot doktrina delakoa indargabetzea helburua duen ekimena, Herritarron epaia, iritsiko da Zelatunera, iraileko igandetan han izaten den erromeriarekin batera.
Maritxu Uzkudun (Errezil, 1961) espetxean dago preso, 197/2006 Doktrina ezarrita, eta hari babesa emateko herriko eragile eta norbanakoak elkartuko igandeko ekimenean. Uzkudunen familiak aurreratu duenez, eragile askok egin dute bat igandeko ekimenarekin; hala nola, udalak, herriko elkarteek eta kultur elkarteek. 12:00etan hasiko da ekitaldia Zelatunen, eta doktrinapean dauden presoen eskubideen alde bakoitzak bere ekarpena egingo du; besteak beste, Aimar Irigoien harri-jasotzaileak erakustaldia egingo du, eta dantza eta bertso saioak izango dira.
Uzkudun Granadako (Espainia) espetxean dago preso, eta 2009ko abuztuaren 27an irten behar zuen kartzelatik, zigor osoa beteta; baina espetxealdia 30 urtera luzatu zioten, 2021eko otsailaren 5era arte. Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak datozen hilabeteetan da Parot doktrina delakoaren gaineko ebazpena ematekoa.
Zestoan, Herrira Eguna
Zestoan, berriz, Amabirjin jaiekin jarraituko dute gaur. Ohi bezala, presoen eskubideen aldeko ekimenak errepikatuko dira beste urte batez herriko festetan, eta aurten Herrira Egunarekin bilduko dituzte gisa horretako ekitaldiak.
Kartzelak hustu, plaza bete ekimena egingo dute plazan, eta ondoren herritarrak mahaiaren bueltan izango dira afaltzen. Bertara joateko txartelak herriko tabernetan eros daitezke; bertsolari eta erromeriarekin amaituko dute eguna.
Egitarauak
ZESTOA
Irailak 5, gaur.
-20:00etan.
Kartzelak hustu plaza bete ekimena.
-21:00etan. Herri afaria, arkumea burduntzian. Afarirako txartelak Zestoako tabernetan jarri dituzte saltzen.
-Afalondoan. Jon Maia eta bertsolari sorpresa.
-Ondoren. Erromeria, plazan.
ERREZIL
Irailak 8, igandea.
-12:00etan. Herritarren Epaia egingo dute Zelatunen.