Idiakaitz Historiaurreko aztarnategia induskatzen ari dira aurten ere hamabost egunez, joan den hilaren 29an hasita. Larunbatera bitartean Zestoako aztarnategian lanean jardungo dute Aranzadi Zientzia Elkartekoek eta Madril eta Bartzelonako unibertsitateetako eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek. Orain dela hamabost urte hasi ziren uda garaian Idikaitz ikertzen, eta ordutik Alvaro Arrizabalaga unibertsitateko irakaslea eta arkeologoa arduratzen da aztarnategiko lanetaz.
Alvaro Arrizabalaga zutik, eta Idiakaitzen lanean ari diren arkeologoak, atzo, aztarnategian. (Nerea Uranga/Hitza)
«Balio ziurreko» aztarnategia da Zestoakoa Arrizabalagaren hitzetan, eta aurten ere indusketa aldia ondo doala dio. «Hemen beti agertzen dira aztarna arkeologikoak eta kopuru handian», azaldu du. Idiakaitzeko aztarnategi arkeologikoa zabala da, babestutako eremua zortzi bat hektareakoa da, induskatzen ari diren gunea lur eremu horren %1 besterik ez da. «Baina induskatzen ari garen eremu txiki honetatik dagoeneko aztarna arkeologiko tonak atera ditugu», azaldu du. Idikaitzen ateratako materiala garraiatzeko urtero garraio sistema aurreikusi beharra izaten dute. «Material asko ateratatzen da indusketetan, eta horretatik asko eta asko ona da», dio Aranzadikoak.
Idiakaitz 1998. urtean hasi ziren induskatzen Aranzadi Zientzia Elkartekoak. Bi urte lehenago Azpeitiko Antxieta Jakintza Taldekoek aurkitu zuten Zestoako aztarnategi arkeologikoa. Urte batean, 2006an, ez zuten indusketa lanik egin, ordura arte aurkitutako materiala aztertzeko etena egin zutelako orduan. Baina bestela, urtero induskatu dute bertan.
Hamabost urte hauetan Idiakaitzek emaitza aberatsa eman du. Adibidez, 2011n 25.000 urteko zintzilikario bat aurkitu zuten, Goi Paleolitoko Gravette aldikoa, Iberiar penintsulan aire librean aurkitutako zaharrena. Aldi bereko gezi puntak, suharriak, zulakaitzak eta marruskak ere aurkitu dituzte Zestoako aztarnategian. Baina garai zaharragoetako hainbat material ere aurkitu dute bertan, Behe Paleolitoko harrizko hainbat tresna.
Gustuko lana
Hogei bat lagun ari dira aurten Idiakaitzeko aztarnategiaren bueltan lanean, batzuk aztarnategian bertan eta beste batzuk aurkitutakoa aztertzen laborategian
. Idiakaitzen indusketa lanen emaitzak aberatsak dira eta hori lanean ari direnentzat gustura jarduteko arrazoietako bat da, hala dio Arrizabalagak, «horren adierazle da, bertan induskatzen ari direnen hiru laurdenak urtero errepikatu izana». Aranzadiko kidearen esanetan, aztarnategi bat interesgarria ez du egiten azaltzen den materialaren kopuruak, baina Idiakaitzen kasuan biek bat egiten dute, «oso aztarnategi interesgarria da eta material ugari agertzen da».
Bestetik, Zestoan «eroso» egoten direla dio Arrizabalagak, «beste indusketa toki batzuetan baldintzak ez dira horren erosoak». Idiakaitzen jarduten duten arkeologoak Zestoako Herri Eskolan igarotzen dituzte indusketa aldiko egunak, «bertako sukaldea eta jangela erabiltzen ditugu otorduak egiteko eta ikasgelak logela bezala moldatzen ditugu».
Idiakaitzen aztarnategitik ateratako lurra galbahetik pasatzen.(N.U./Hitza)
Hiru dimentsioko eskanerra
Aurten egin duten gauza berezi bat, Idiakaitzeko indusketa gunean duela urte batzuk aurkitu zuten Goi Paleolitikoko egitura bat berriro azaleratu dute eta hiru dimentsioetako eskanerra egin diote. «Eskaner hori eginda, dokumentazio lana egin ahal izatea da helburua. Etorkizunean bateren batek nahiko balu hori musealizatu eta arkeologia museo batean berreraikitzea horretarako soporte digital bat izango zuten hiru dimentsiotan ikusteko eta inprimatzeko aukerarekin», azaldu du Arrizabalagak.
Idiakaitz aztertzen hasi zirenetik topatutako material arkeologikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren gordailuan dute gordeta. Erakusgai ez dago, Gipuzkoan ez dagoelako arkeologia museorik. «Bizkaian eta Araban museo arkeologikoak badaude, baina Gipuzkoan ez dago eta materiala gordailuan gordetzen da. Hemengoak museo batean ezin dira erakutsi museo hori ez delako esistitzen».
Hala ere, Idiakaitzeko materialak hainbat erakusketetan egon dira erakusgai Arrizabalagaren esanetan: «San Telmo museoan egon zen inauguratu zenean eta duela bi urte Altamiran antolatutako Gravette aldiari buruzko kongresura ere eraman genuen Idiakaitzeko materiala. Gero, erakusketa hori Asturiasera, Rivadeselleko interpretazio zentru batera leku aldatu zen eta hor egon zen berriro erakusgai. Baina hori desmuntatu zenetik berriro materiala kaxetan gorde eta gordailura eraman zen».
Etzira arte jardungo dute lan eta lan, lurrean makurtuta. Gero, gauzak jaso eta Idiakaitz utziko dute arkeologoek. Datorren urtean itzuliko diren ez dakite oraindik. «Gure esku ez dago. Guk hiru edo lau bidez hemengo plangintzak osatu ditugu, baina gu akademikoak edo unibertsitateko irakasleak gara eta gure helburuak nagusiki zientifikoak dira. Helburu zientifikoak beteta daude,baina hori bai hemen beste 200 urtez segitzeko lur azalera badago. Baina, lan guztietan bezala, gure lanak ere epemuga bat du eta hori alderdi zientifikotik beteta dago eta gainera egundoko emaitzekin. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren aldetik aztarnategia maila gorenarekin babestuta dago eta txikitua izateko arriskurik ez du; izan ere, gure beste kezka nagusi bat hori izaten baita».
Aranzadikoaren esanetan, euren aldetik Idiakaitzen «gutxieneko helburuak beteta» daude. Aztarnategiko ondarea gizarteratzeko lana ez da eurena, baina hala ere lan horren inguruko proposamenak jaso eta laguntzeko prest daudela dio. «Pena litzateke Idiakaitz bezalako aztarnategi bat aldizkari zientifikotan gelditzea bakarrik eta informazioa elite zientifiko batentzako eskuragarri».
Lezetxikiren osagarri
Alvaro Arrizabalagak Idiakaitzeko aztarnategiaz gainera Lezetxikikoa eta beste batzuk zuzentzen ditu. Lezetxiki eta Idiakaitz Historiaurrekoak dira, antzeko maila kronologikoak aztertzen dituzte bietan eta «elkar oso ongi osatzen» dute arkeologoaren esanetan, «Idiakaitzen ez da agertzen faunarik, sedimentu oso garratza delako, baina harrizko aztarna teknologiko asko agertzen da; alde horretatik, agortzen ez den iturria da. Lezetxikin, berriz, fauna ugaria, interesgarria, berezia eta aparta azaltzen da, baina harrizko tresneria oso eskasa da. Lezetxiki kobazulo bat da eta Zestoakoa, berriz, aire azabaleko aztarnategia. Bestetik, Idiakaitz da tailerra edo lantokia eta Arrasatekoa da ehizalekua. Aztarnategi bien artean elkar osatzen dira emaitzak».