Zekorketak 2013
- Ganadutegia. Montesinos (Toledo, Espainia).
- Egunak. Irailak 6 eta irailak 8.
- Ordua. 17:30. Kalejira musika bandarekin. Amparito Roca pasodoblea. 18:00. Zekorketak. Bina zekor. Ondoren. Zezen enbolatuak (irailaren 6an bakarrik).
- Prezioa. Helduen sarrerak 20 euro balio du, eta umeenak 8.
Zezenzaleak lasai egoteko moduan dira. Zestoan zekorketak egingo dituzte aurten ere iraileko amabirjinetan. Zestoako Lopene ganadutegiko Josu Arregik eta herritar batzuek hartuko dute ikuskizuna antolatzeko ardura. Gainera, enbolatuak Lopenekoak izango dira aurtengoan. «Berrikuntza bat da enbolatuak herriko ganaduzale berriek antolatzea», irizten dio Arregik. Zekorketei dagokienez, beste urteetako eskema bera izango du aurtengo ikuskizunak: irailaren 6an eta 8an egingo dituzte, hau da, ostiralean eta igandean, eta bina zekor aterako dituzte plazara saio bakoitzean.
Udalak bilera irekia egin zuen herenegun, zekorketak antolatzeko prest zeuden herritarrekin. Orain arte Buruzuri elkartekoek egin izan dute lan hori, baina aurten ez dira ados jarri bi aldeak. Zekor kopurua eta zekorketarako egunak izan dira desadostasun iturri.
Kontuak kontu, lanak aurreratuta zituzten Buruzuri elkartekoek, eta antolatzaile berriek bide horri jarraituko diotela azaldu du Arregik: «Ez da asko falta festetarako, eta lan erdiak eginda daudenez, ezin dugu hutsetik hasi. Hala, aurreko urteetan bezala, Montesinos ganadutegiko zekorrak izango ditugu aurten ere». Toreatzaileen izenik ez dute aditzera eman oraingoz.
Lan horiek eginda, beste era bateko zereginak dituzte buruan orain antolatzaile berriek: «Zekorketen egunetarako boluntarioak inguratzea da orain lan handiena. Gainerakoa lotuta dago, baina jende asko behar izaten da, eta hori izango da orain gure egitekoa». Hurrengo urtera begira, ikusteko dago zeinek eta nola antolatuko dituen zekorketak. Hala ere, Arregik argi esan du honi segida emateko prest dagoela: «Gu antolatzen jarraitzeko prest gaude, eta hala izango balitz, ikusiko genuke zein ganadutegirekin aritu datorren urtean». Udaleko Kultura teknikari Fernando Arzallusek azaldu duenez, antolakuntzaren «koordinatzaileak» dira Lopene ganadutegikoak, baina haiekin batera «herritar batzuk» ere ariko dira lanean. «Bilerara Buruzuri elkarteko batzuk azaldu dira, eta Akua bailarako batzuk ere laguntzeko prest daude», dio.
Ikuskizuna egotea lehentasun
Udalak bilera deitu aurretik jarri ziren haiekin harremanetan Lopenekoak, Arregik azaldu duenez. «HITZAren webgunean ikusi nuen zekorketak antolatzeko arazoak zeudela, adostasunik ez zegoela bi aldeen artean, eta pena ematen zigun herrian beti ohitura izan dena galtzea». Orain arte ikusle bezala ibili izan da Arregi, «Zestoako eta Azpeitiko zezenketak beti ikusi izan ditut, txikitatik joan izan naiz», esan du.
Iaz 24.200 euroko aurrekontua izan zuten zekorketek, eta sarrerekin ia berdinduta gelditu ziren gastuak. «600 euroko defizita izan zuen», udaletik esan dutenez. Aurten «aurrekontu berdintsua» izango du ekimenak.