Zestoako udalarekin ados jarri ez, eta Buruzuri elkarteak uko egin dio festetan zekorketak antolatzeari.
Zestoako zekorketek zeresan handia eman dute azken urteetan. Aurten ere eztabaida sortu dute; bai behintzat, antolatzaileen eta udalaren artean. Irailean, amabirjin jaietan, egiten dituzten zekorketak «kolokan» daudela adierazi du Zestoako alkateorde Ruben Alberdik. Izan ere, momentuz ez dira ados jarri udala eta zekorketak antolatzen dituen Buruzuri elkartea. Elkarteak uko egin dio zezenketak antolatzeari, kideek UROLA KOSTAKO HITZA-ri jakinarazi diotenez. Udalak, berriz, egunkari honi azaldu dio elkartearekin biltzeko asmoa duela datozen egunetan. Baina bi aldeak ados jarri ezean, herrian deialdi publiko bat zabalduko duela aurreratu du udalak, ekimena antolatu nahi dutenei horretarako aukera eskainiz.
Zestoako iazko zekorketen irudi bat. (Xabier Otamendi/Hitza)
Bi faktorek eragin dituzte alde bien desadostasunak. Zekorketen data da horietako bat. Bi egunez egiten dituzte zekorketak jaietan, eta ohikoa da bat behintzat Amabirjin Egunean egitea. Aurten, igandea izango da Amabirjin Eguna, baina beste zekorketa eguna zehazterakoan iritzi kontrajarrika daude. Elkarteak zekorketak igandean ez ezik, larunbatean egitea proposatu du, uste duelako hori dela «egun aproposena», ikusle gehien erakarri, eta, beraz, «ekonomikoki bideragarriagoa» izango delako.
Egun horretan, ordea, paella lehiaketa eta herri bazkaria egitekoak dira. Elkarteak uste du bi ekitaldiak egun berean egin daitezkeela, baina udalaren iritziz, «bateraezinak» dira. «Zekorketak ostiralean egiteko apustua egin dugu. Izan ere, iaz ostiralera pasatu genuen paella lehiaketa eta bazkaria, eta izugarrizko beherakada izan zuten». Alberdiren arabera, 700 lagunek parte hartzetik 400 izatera jaitsi zen. «Hori hala, Festa Batzordeak eta Kultura Batzordeak erabaki dute aurten larunbatean ospatzea Koadrilen Eguna». Gainera, alkateordeak adierazi du zezenketak ostiralean egin izan direnean ekonomikoki «antzeko erantzuna» izan dutela.
Lau zezenetik gora ez
Eztabaida sortu duen beste gaia zezen kopurua izan da. Buruzuri elkarteko Gorka Unanuek jakinarazi du azken hamabost urteetan Adolfo Rodriguez ganadutegiko zezenak aukeratu dituztela festetako zekorketetan. «Hori saritzeko, bi zezen oparitu dizkigute aurten. Beraz, guztira sei izango ditugu. Udalari bost proposamen egin dizkiogu, eta azken eskaria izan da egun batean bi zezen egotea eta bestean hiru. Baina proposamen guztiei uko egin die». Alberdik nabarmendu duenez, ordea, «udala ez dago prest lau animalia baino gehiago hiltzeko». Hori da udalak proposamena baztertzeko «arrazoi nagusia». «Gainera, zezen gehiago izateak ez du bermatzen ikusle gehiago izango dituenik».
Buruzuri elkarteak «harriduraz» hartu du Zestoako Udalaren erabakia. «Proposatutako guztia atzera bota du, onargarria izan arren. Uste dugu jaietan herritarrek egiten dituzten beste eskaera gehienak hartzen dituela kontuan. Zentzu horretan, minduta gaude, eta horregatik egin diegu uko zekorketak antolatzeari».
Udalak, bere aldetik, «joko politikotzat» jo du «elkarteak erakutsi duen jarrera». Berretsi du elkartearekin «modu formalean» batzartu eta ados jartzeko prest dagoela. Dena den, halakorik gertatzen ez bada, zekorketak antolatzeko ardura horretarako prest dauden beste talde zezenzaleei utziko diela adierazi du.