Zestoako kiroldegian zaharberritze lanetan ari dira (Ane Olaizola/Hitza)
Zestoako udal kiroldegiko erabiltzaileek zerbitzu hobea jaso dezaten, bi obra hasi ditu udalak. Batetik, kiroldegi kanpoko argizuloa kendu egingo du, euria egiten duenean itoginak sortzea saihesteko. Gainera, duela egun batzuk sabaileihoaren zati batzuk beheko pistara erori ziren. Hala, gunea garbitzearekin batera kenduko dute kanpoko argizuloa, han espazio gehiago izateko.
Bestetik, goiko solairuko bainugelak aldatu egingo ditu udalak. Iban Narbaiza Zestoako Udaleko kirol zinegotziak adierazi duenez, «oso zaharkituta» daude komunak, kiroldegia egin zutenetik ez delako obrarik egin han. «Herritarren kexa asko jaso ditugu azken urteetan», adierazi du Narbaizak. Eskaeroi erantzunez hasi dituzte lanak, eta, besteak beste, pareta eta lur berria jarri, eta altzariak eta dutxak aldatuko dituzte. Era berean, biltegi bat ere jarriko dute, garbiketarako materiala gordetzeko.
Joan zen astean hasi zituzten lanok, eta udalak jakinarazi duenez, argizuloa kentzeko obrak aste honetan bertan amaituko dituzte. Bainugeletako lanak, berriz, irailerako amaitzea aurreikusi du udalak, hurrengo ikasturte hasierarako erabilgarri egon daitezen. Guztira 40.000 euroko aurrekontua dute bi obrek.
Gainera, herriko kirol taldeentzako gela bat ari dira egokitzen kiroldegian, egin beharreko bilerak bertan egin ditzaten. Datozen egunetan amaituko dutela adierazi dute.
Lan horiez gain, beheko solairuan dauden aldagelak berritzeko asmoa du udalak, haiek ere dagoeneko «oso zaharkituak» daudelako, eta herritarrak «aspalditik» eskatzen dutelako konponketak egitea. Horretarako, ordea, 100.000 euro inguru beharko duela aurreikusi du udalak, eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan da, hark proiektuan «esku har dezan». Lan horiek Gabonetako oporraldian egiteko asmoa du.
Zaharberritze lanak
Udalak adierazi duenez, kiroldegian egiten ari diren obrak azken urteetako «garrantzitsuenak» dira. Konponketa horiekin, gainera, azken urteetan gune horretan egiten ari diren zaharberritze lanak amaitutzat emango dituzte, Narbaizak adierazi duenez. «Azken urteetan kiroldegia zaharberritzeko lan asko egin dira, eta hauek bukatzean amaitutzat joko dugu proiektua. Aurrerantzean egingo ditugunak hobekuntza lanak izango dira».
Besteak beste, gimnasioan, rokodromoan eta beheko pistetan egin dituzte obrak azken urteetan, eta makina berriak ere jarri dituzte.