Aurtengo Garagardo Azoka Danbolin-Zulo Kultur Elkarteak antolatuko du

Ane Olaizola 2013ko ekainaren 26a

Danbolineko kideak, garagardoa eskuan dutela (Danbolin) Zestoako Jai Batzordeak hasitako Garagardo Azokaren lekukoa hartu du aurten Danbolin-Zulo Kultur Elkarteak; herrian ekimena antolatzeko deialdia zabalik izan da hainbat astetan, eta baina inor ez aurkeztu ez denez, ekimena bertan beheran geratzeko zorian izan da; horren aurrean, Danbolin-zuloko kideek hartu dute Garagardo Azoka prestatzeko konpromisoa, elkarteari laguntzeko asmoz: «Elkarteari ondo etorriko zaio sos batzuk ateratzea; izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen diru-laguntzak jaisten ari dira pixkanaka, eta beldur gara horrekiko», adierazi du elkarteko kide den Jone Bergarak. Abuztuaren 22tik 25era bitartean egingo dute azoka, ostegunetik igandera artean, hain zuzen ere, eta kiroldegi aurrea egokituko dute horretarako. Bergarak adierazi duenez, iazko ildoak jarraituko dituzte aurten ere, eta garagardoaz gain, janaria eta zuzeneko musika saioak ere izango dira. Dagoeneko hasita daude antolakuntza lanetan, eta zerbitzari gisa aritzeko txandak lotzen ari dira. Dena den, egun horietan herritarren laguntza behar izango dutela adierazi dute; hala nola, jan-edana ateratzeko eta prestatzeko, musika egokitu eta lortzeko, garbiketa lanetan laguntzeko boluntarioak behar dituzte. Horretarako prest daudenek Danbolin-zulo elkartearekin jar daitezke harremanetan, danbolin@topagunea.com helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide