Osinbeltz harrobian beheko plantan ari dira lanean, goian pilatutako materiala ekoizten (Nerea Uranga/Hitza)
Urte bukaeran Osinbeltz harrobiko jarduna utzi egin beharko du Canteras de Zestoa enpresak. Gaur egun, harrobiko goiko plataforman materiala pilatuta du enpresak eta hori ekoizteko eman dio urte bukaera arteko tartea Zestoako Udalak enpresari. Urtearen bukaeran, bi aldeak bildu eta Osinbeltzen enpresak dituen azpiegiturak desmuntatu eta Iraetan duen plantara eramateko epeaz hitz egitekotan ere gelditu dira.
Enpresak bertan duen harria txikitzeko epe luzeagoa eskatu zion Zestoako Udalari, baina udalak urte honen bukaerarako harrobiko jardun guztiak etenda egon behar duela erabaki du, Ruben Alberdi alkateordeak eta Hirigintza eta Zerbitzu Orokorretako zinegotziak Urola Kostako Hitzari adierazi dionez. Urtearen bukaeran harrobiko material guztia kontsumitu gabe badauka, beste norabaitera atera beharko duela agindu dio udalak enpresari. Horrez gain, udalak eskatu bezala, harrobiaren inguruan itxitura egin du enpresak.
Leherketa gabe, baina lanean
2003tik Osinbeltz harrobia ustiatzeko enpresa jardunak etenda egon behar zuen. Zestoako Udalak orduan bidali zion harrobiko aktibitatearen bukaera txostena Canteras de Zestoa enpresari. Harrobiaren goiko aldeko leherketak eta harria ustiatzea utzi zituen, baina beheko plantan lanean segitu zuen enpresak, harria txikitzen-eta. Ondorioz, urtero Zestoako Udalari isuna ordaindu behar izan dio.
Ordea, joan den udazkenean Osinbeltzetik berriro harria pikatzen eta ateratzen hasi zen enpresa. Orduan, jardun guztia uzteko eskatuz udalak idatzia bidali zion eta bi aldeak bildu ziren. Enpresaren arduradunek, «segurtasun arrazoiak tarteko» hasi zirela azaldu zioten udalekoei, baina aktibitateak aspalditik etenda behar zuela berretsi zien enpresakoei udalekoek.
Otsailean enpresak planta behin betiko ixteko urtebeterako plan bat aurkeztu zuen udaletxean, epe hori luzatzeko aukera eta guzti. Martxoan, berriz, harria azkarrago ateratzen hasi zen enpresa, horregatik planta prezintatu egin zuen udalak. Neurri hoien aurrean, goiko aldetik kamioi guztiak beheko plantara jaitsi zituen enpresak.
Udalak urte honen bukaera arteko epea eman dio enpresari, «goian pilatuta daukan material guztia txikitu eta atera egin beharko du hilabete hauetan, behin betikoz bertako jarduna bukatuz». Orduan, azpiegiturak desmuntatzeko epea erabakiko dute.