Antzerki Astearen egitaraua
Antzerki emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira, Zestoako Kultur Etxeko aretoan. Sarrera bost euro da eta Koiote tabernan daude saltzen.
- Ekainak 24, astelehena. Lehen kurtsoko ikasleak. Shakespeare, Lorca, Arthur Kopit, Sofocles eta Tennessee Williamsen eszenak antzeztuko dituzte.
- Ekainak 25, asteartea eta ekainak 26, asteazkena. Bigarren kurtsoko ikasleak. Arthur Schnitzlerren Erronda eta Arthur Kopiten Oh aita, aita gizajoa. Amak armairuan sartu zaitu eta ni hain nago tristetuta komediak.
- Ekainak 27, osteguna eta ekainak 28, ostirala. Bigarren kurtsoko ikasleak. Woody Allenen Zazpigarren zigilua eta Paul Rudnicken Gorroto dut Hamlet komediak.
Iaz Antzezpen Eskolako emanaldian parte hartu zutenak. (Xabier Otamendi/Hitza)
Antzezpen Eskolak Antzerki Astea antolatu du datorren asterako, ekainaren 24tik 28ra artean. Herrian antzerkiko eskola iaz hasi zen Zestoako Udalak antolatuta, «iaz kurtso bakarra zegoen eta saio bat antolatu genuen. Baina, jendea ikusi gabe gelditu zelako bigarren saio bat ere antzeztu genuen», dio Amancay Gaztañaga antzerki irakasleak. Aurten, ordea, lehen eta bigarren kurtsokoek egingo dituzte antzezlanak, «iazkoa ikusita, emanaldiak errepikatzea erabaki dugu. Jendearen antzezlanak ikusteko aukera emanez». Astelehenean lehen kurtsokoek antzeztuko dute eta bigarren kurtsokoek asteartetik ostirala artean. 16 urtetik 60 urtera bitarteko herritarrak ariko dira aktore lanetan.
Antzezpen Eskolaren proiektuaren asmoa antzerkiko eskolan hiru ikasturte egin eta parte hartu dutenekin Zestoako antzerki taldea sortzea da. Hala ere, aurten aurreneko kurtsoa egiteko aukera berrio bat zabaldu eta beste hamar lagunek eman zuten izena. Antzezpen Eskolak izandako harrera ikusita «oso-oso gustura» dago Gaztañaga. Eskoletan antzerkiko ikasleek egiten duten lanarekin ere gustura dagoela azaldu du, «lan asko egiten ari dira eta ikasle oso onak dira».
Sarrera gutxi gelditzen da
Emaitza datorren astean ikusiko da. Saioetarako sarrerak aurrez salgai jarri dituzte, Koiote tabernan, bost euro ordainduta. Baina, sarrera gutxi gelditzen dela ohartarazi du Gaztañaga. Sarreretatik bildutako diruarekin Kultur Etxean falta zen azpiegitura osatuko dute: fokoak-eta. «Azpiegitura hoiek erosteko antzerkirako dugun bultzada hau aprobetxatuko dugu. Era horretan, kanpotik beste antzerki talde bat emanaldi bat ematera datorrenean azpiegitura hoiek erabiltzeko aukera egongo da».
Norbaitek sarrerak eskuratzeko Zestoara gerturatzerik ez badu,
antolatzaileekin harremanetan jar daiteke hemen.