Pazko Jaietarako dena prest dute Aizarnan

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 22a

Egitaraua Maiatzak 25, larunbata
  • 11:00. Artisau erakustazoka.
  • 13:00. Erakustaldia Beheko Iturrian.
  • 14:00. Txahal errea txotxarekin egongo da.
  • Eguerdian zehar. Txaranga eta taloak egongo dira.
  • 18:00. Jagoba Otaegi harri-jasotzailea marka berria egiten saiatuko da, Aizarnako pilotalekuan. Horrez gain, harri-jasotzen ariko dira Izeta I.a, Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Izeta V.a, Urra eta Landarbide. Aizkoran, zeinek kanako enborra lehenago moztu ariko dira Olasagasti eta Txapartegi. Sarrera 10 euro da.
Pazko jaiaren baitan Jagoba Otaegi aizarnar harri-jasotzaileak marka ahalegina egingo du. (Argazkia: Koldo Alduntzin) Aizarna Herri Elkarteak antolatuta, Pazko Jaiak ospatuko dira larunbatean egun osoz Zestoako auzoan. Garai batean egin ohi zen jaia iaz berreskuratu zuten Aizarnan, eta harrera ona izan zuen. «Aizarnan kultur askotariko ekitaldiak egiteko ideia sortu zen, eta Pazko Jaia berreskuratzea izan zen haietako bat», dio Irati Otañok. Jaia antolatzeko lanetan dihardu aizarnarrak. Iaz arpanlarien ikuskizuna antolatu zuten festa egunaren baitan. Aurten, berriz, Beheko Iturria berritu, eta hark garai batean betetzen zuen funtzioaren inguruko antzezlan bat egingo dute. «Beheko iturria garbitu, margotu eta prestatu da auzolanean. Larunbatean, jaiaren baitan, aizarnar batzuk arropa garbitzen jardungo dute, garai batean egiten zen moduan», kontatu du Otañok. Goizetik Aizarnako artisau eta ekoizleek egindako hainbat produkturen eta bitxiren azoka egingo dute. 10-15 postu jarriko dituzte. Horrez gain, taloa jateko aukera ere eskainiko dute. 14:30ak ingurutik aurrera, berriz, txahal errea jan eta sagardoa txotxetik edateko aukera izango da Aizarnan. Txaranga batek alaituko du giroa egun guztian zehar. Hala aurreratu dute Pazko Jaien antolatzaileek. Festara baserritarrez jantzita joateko eskatu dute antolatzaileek. «Iaz ere horixe eskatu genuen, eta aurten ere festara datorrenari baserritarrez janzteko eskatzen diogu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide