Turismoa Zestoan: zer eskainia bada, nola da kontua

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 21a

Zestoako Turismoko Profesional Arteko Lehen Topaketako parte-hartzaileak, ostegunean, Arozena hotelean (Nerea Uranga/Hitza) Zestoara doan bisitariari zer eskaini badagoela uste dute Zestoan turismo alorrean lanean ari diren profesionalek. Baina hutsune batzuk ere badaudela diote. Besteak beste, baliabide guztiak koordinatuz etorkizuneko iparra erakutsiko duen gidari baten falta antzematen dute. Ostegun arratsaldean Zestoako Arozena hotelean bildu ziren mahaiaren bueltan, Zestoako Turismoko Profesionalen Arteko Lehen Topaketan. Juanjo Allur Siadecokoa eta Zestoan Merkataritza eta Ostalaritza elkartearen aholkularia, Jaione Egiguren Zestoako Bainuetxea hoteleko zuzendariordea, Mertxe Garmendia Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria, Josetxo Mendizabal Zestoako Turismo eta Merkataritza zinegotzia, Jon Garagarza Sastarrain Baserri Eskola eta Iraoberriko ordezkaria eta Juanjo Aranburu Ekainberri eta Lili jauregia kudeatzen dituen Araziko gerentea elkartu ziren, zehazki. Mahai ingurua entzutera, berriz, 30 lagun inguru hurbildu ziren. Zestoan turismo alorrean egindako inbertsio publikoa eta pribatua nabarmendu zituen Zestoako zinegotziak. Horrez gain, geografikoki ere Zestoa ondo kokatuta dagoela azpimarratu zuen. «Kostatik barrurako bidean lehen herria da Zestoa, erakargarritasun handiko herria. Baina dugun eskaintzarekin lotuta zerbitzuek ere hobetzen joan behar dute», Mendizabalen ustez. Elkarlanean jardun beharra Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariaren arabera, turismo alorrean ere garrantzitsuena «elkarlana» da. «Gauzak bakoitzak bere kabuz ez ditu egin behar; elkarlanean jardun behar dugu, eta gaur egungo egituran sartu beharra dago, beste erakundeekin-eta lan eginez. Hor daude garapen agentziak ere. Non parte hartua eta elkarrekin lanean jarduteko bidea badago», uste du Garmendiak. Siadecokoak azaldu zuenez, Zestoak baditu baliabide turistikoak, historikoak, natur arlokoak, aisialdiarekin lotutakoak... «Baloreak eta emozioak transmititzeko esperientziak eskaintzen ditu Zestoak. Baliabide turistikoek, ordea, aldamenean zerbitzu turistikoak behar dituzte». Jarrera aktiboaren beharra Hala ere, eskaintza egon arren hutsune batzuk ere badaude Allurren ustez. Produktu turistiko bateratu baten falta ikusten du: «Etorkizunerako, herritarren parte hartzearekin egindako ikuspegi bateratuak egon behar du». Allurren ustez, izatea ez da nahikoa; jarrera aktiboa hartu behar da, «herri mailan, eskualde mailan, lurralde mailan...». Bost geltoki historian zehar eskaintza turistikoa «adibide polita» dela uste du. «Zer eskaini badaukagu herrian, baina ez dakigu saltzen, eta eskaintza hobetu beharra daukagu», uste du Zestoako Bainuetxea hoteleko zuzendariordeak. Eskaintza optimizatzeko «artzain edo gidari baten falta» dagoelakoan da. Zestoan turismorako baliabide egokiak izan arren, «mila gauza txiki hobetu beharra» nabarmendu zuen bainuetxeko ordezkariak. «Gauez argia jartzea herritik bainuetxe aldera edo Sastarrain aldera», jarri zuen adibidea. Argiteriaz gainera, Zumarragatik Zumaiara arteko bidegorria osatzea nabarmendu dute Zestoako turismo alorreko langileek. Zumarragatik Lasao auzora artekoa lotuta dago, baina han bidegorria eten egiten da. Zestoa eta  Iraeta artean ere badago bidegorria, baina Zumaiara arteko lotura falta du. Hutsuneen artean, Bilborako eta Donostiarako autopistan Zestoako eskaintzaren berri ematen duten seinaleak falta direla ere nabarmendu zuten parte-hartzaileek. Sastarrain eta Iraoberriko ordezkariak ere elkarren arteko «koordinazio falta» nabarmendu zuen. «Denon artean gauzak hobetuta eta elkarlanean eskaintza hori kanporatzeko ahalegina egin beharko litzateke», azaldu du Garagarzak. «Daukagunaz sinesdun» 40.000 bisitarirekin abiatu zen Ekainberri, eta gaur egun urtean 32.000 bisitari inguru izaten du. Etorkizunari begira, produktua osatzen joatea dute helburu, Araziko kudeatzailearen arabera. Hala ere, herriko baliabide turistiko denek «ezaugarri komun bat» dutela uste du Aranburuk. «Bisitariek esaten digute Zestoan Euskal Herriko postal bat daukagula, eta guk ere hori sinetsi egin behar dugu, eta produktu bat sortu. Zestoa bailaraz osatutako bailara bat baita: Akoa, Aizarna...».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide