Urola bailaran kultur aniztasuna sustatzeko Ipaka Astea antolatu dute lehen aldiz

Ane Olaizola 2013ko mai. 7a, 09:00

I. Ipaka Asteko antolatzaileak, ekimenaren aurkezpenean.(Ane Olaizola/Hitza) Kulturak eta aniztasunak bat egingo dute datozen egunetan Azkoitian. Ipaka Astea, Izarraizpeko Aniztasuna Astea, ari dira ospatzen herriko txokoetan, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek eta kultur eragileek elkarlanean antolatuta. Bailarako  aniztasun kulturaralaren lehenengo astea da Ipaka, eta Azkoitia aukeratu dute ekintzak aurrera eramateko. Egitasmoaren bidez bailarako kultur aniztasuna ezagutarazi eta herritarrek elkarren berri izatea nahi dute. «Harremanak sendotu eta aberastasun kulturalaz gozatu nahi dugu, eskualdeko komunitate askotako jendeak hartuko dute parte. Hala, batzuek eta besteek ohiturak, adirazpenak eta bizimoldeak trukatu eta partekatuko dituzte», adierazi du Leire Etxanizek, Azpeitiko Udaleko zinegotziak. Aurten Azkoitiko Aniztasun Kontseiluak eta Xirikatzen Azkoitiko kultur mahaiak bat egin dute festa antolatzeko. Aurreko urtean bi taldeek jai bana antolatu zuten, bereizita. Batetik, Aniztasun Jaia prestatu zuen aniztasun taldeak, eta Xirikatzenek kultur astea antolatu zuen. «Bakoitzak bere altetik, Azkoitian dagoen aberastasun kulturala plazaratzeko ahalegina egin genuen, herritarrei eskaintza interesgarria eskainiz», adierazi du Gaizka Astigarragak, aniztasun taldeko kideak. Oraingo honetan, ordea, «pauso bat harago» ematea erabaki dute udalek eta eragileek. Eneritz Artetxe Xirikatzeneko kideak, berriz, nabarmendu du taldearen helburuetako bat «eragileen arteko elkarlana» dela. «Aurtengo kultur asterako ere, herriko kultur taldeei eta norbanakoei eman zaie aukera aste osoan zehar beren lan eta zaletasunak plazan aurkezteko». Izan ere, honen arabera, munduko zenbait kulturaren topagunea da Izarraizpeko bailara. Bertan elkarrekin bizi dira euskal kultura, espainiarra, marokoarra, pakistandarra, mexikanarra... Eta kurtura horien guztien aitortza egin nahi dute ekimenaren bidez.  «Kultur aberastasun hori ez da ezaguna herritar askorentzat, eta horri buelta eman nahi diogu». Horretarako, egitarau bete-betea prestatu dute aste osorako. Atzo hasi zen Ipaka Astea, Hitzez eta hotsez poesia musikatuarekin, eta datozen egunetan dozenaka ekintza egingo dituzte Azkoitian. Hori hala, herritarrak saioetan parte hartzera gonbidatu dituzte antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide