Danbor hotsak ardatz, Santa Kutz jaietan

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 1a

Helduen danborrada egingo dute zazpi taldek bihar gauean (Xabier Otamendi/Hitza)   Zestoan guztia prest dute Santa Kutz jaietarako. Bihartik hasi eta asteburu osoan festan murgilduko dira herrigunean eta Ibañarrietan. Egitaraua ohikoa izango da, eta danborradek hartuko dute tarte nagusia. Aurten, erretorearen erabakiz, ez da Santa Kutz eguneko prozesiorik egingo. Helduen danborradako ibilbideak aldaketa txiki batzuk izango ditu, festak antolatzeko azken batzarrean hala erabakita. 2009an Trapu Zarrak taldea sortu zuten. Ibilbidea denek batera egin beharrean, danbor-jotzaileak lau taldetan banatu eta bakoitzak bide jakin bat egitea erabaki zuten, lau musika banden doinuei egokitzeko eta elkarri oztopo ez egiteko. Aurten, ordea, taldeak lau puntutatik irten beharrean bitatik abiatuko dira. Batzuk Pio Baroja plazatik abiatuko dira, eta Kale Okerretik, Gesalagatik barrena Gurutzera joango dira. Gainontzeko taldeak, berriz, herriko plazatik aterako dira, eta Estiola kaletik, Gurutzetik behera buelta bat egin, eta berriro Gurutzera joango dira. Ondoren, talde guztiak Gurutzetik plazara joan eta herriko plazan hainbat pieza joko dute. Ipintza, Atabalak, Aldrebesak, Gure Txokoa, Gaztetxea, Trapu Zarrak eta Lau Iturri taldeek hartuko dute parte. Megafoniarik ez, bandak Danborrada megafoniarekin egitea ere proposatu da, baina aurreko urteetan bezala, musika bandek lagunduta egitea erabaki dute. Zestoako Bandak, Azpeitiko Bandak, Zumai txarangak eta herritik kanpoko beste txaranga batek hartuko dute parte. Herriko plazan Zestoako eta Azpeitiko bandek lagunduko dituzte danborradako piezak. Behin herriko plazan daudela, taldeetako banderak toriletara igoko dituzte. Umeek ere astinduko dituzte danborrak, baina Santa Kutz Egun bezperan. Ekain Guraso Elkarteak antolatuta, 240 haurrek baino gehiagok hartuko du parte ostiral arratsaldeko danborradan. Antolatzaileek adierazi dutenez, ohi baino danbor-jotzaile gehiago ikusi ahal izango da aurten. «Lehen Hezkuntzako umeak aritzen dira danborra jotzen, eta aurten ume askoko mailak dituzte ikastetxean». Kantinerez eta banderadunez lagunduta aterako dira kalera. Bi mutil egongo dira kantineren taldean aurten. Guraso elkarteak karroza prestatuko du etzirako, eta gaia sekretua bada ere, kideek adierazi dute buru-belarri ari direla azken prestaketak egiten, ingurukoen laguntzarekin. «Aurten geroago hasi gara karroza prestatzen, eta justu samar gabiltza. Urtetik urtera zailagoa egiten zaigu prestatzea, jendea lan egiten duelako, eta denbora gutxi duelako laguntzera etortzeko». Umeek ohiko ibilbidea egingo dute: Kale Okerra, Gesalaga, Gurutzea, plaza eta Erdi Kalea zeharkatuko dituzte, berriro plazara iristeko. Han, guztiek batera sei abesti eskainiko dituzte. Zestoako herrigunean ez ezik, Ibañarrieta auzoan ere ospatuko dituzte santakutzak. Ostiraletik igandera bitartean izango dira, Ibañarrietako Auzo Elkarteak antolatuta. Egitaraua ohikoa da, baina berrikuntzaren batekin. Azken urteetan ez bezala, pottokekin eta zezen txikiekin jolasteko aukera izango dute umeek. Zezen txikiak Ibañarrietan «Duela urte dezente antolatzen zen ekimen hau, baina ez zen ume asko elkartzen. Aurten berriro antolatzea proposatu digute». Udalaren aurrekontuaren arabera prestatzen dituzte ekintzak, eta iazkoaren antzekoa izanik, ezin izan dute «berrikuntza askorik» egin. Herri kirol erakustaldiaren ordez, zaldi probak izango dira igandean, Karpo eta Etxekorekin. «Bi urtez Mutrikuko talde batek hainbat kirol proba egin izan du. Aurten zerbait desberdina prestatzea pentsatu dugu». Horrez gain, igandetako erromeria larunbatera aurreratu du taldeak, baina azken orduko aldaketen eraginez, ez dira izango taula gainean Monik, Eider eta Josune herriko trikitilariak. Horien ordez Idurre eta Saioa bikoteak girotuko du auzoa. Ibañarrietako Auzo Elkartearen helburua auzoan giroa sortzea da, eta asmo horrekin prestatu dituzte ekintzak. «Duela urte dezente santakutzek indar handia zuten auzoan, baina pixkanaka galtzen joan dira. Dena den, igande arratsaldean jende dezente elkartzen da, beti ere eguraldiak laguntzen badu. Giro polita sortzen da orduan». Festengatik aldaketak Ostiralean Zumaia eta Donostia alderako autobusak Arteaga 2 etxearen aurrean geldituko dira. Eta Azkoitia, Zumarraga eta Bilborakoak ohiko geralekuan. Traste zaharrak ostiralean bildu beharrean bihar jasoko dituzte. Gaur gauerako atera beharko dira, beraz. EGITARAUA Maiatzak 2, osteguna. - 16:00. Herriko haurrentzako puzgarriak egongo dira udalerrian. - 17:30. Gaztetxoen Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte. - 19:00. Suziriekin emango diete hasiera jaiei. - Ondoren. Idiakaitz Txistulari Taldeak eta bandek kalejira egingo dute. - 22:30. Danborrada nagusia egingo dute, herriko kaleetan zehar, taldeek. Gauerdian, ikurrina eta herriko bandera altxatuko dituzte. Jarraian danbor-jotzaile taldeek martxa guztiak joko dituzte. - 01:00. Lagunak txarangaren txanda izango da. Maiatzak 3, ostirala. - 10:30. Idiakaitz Txistulari Taldeak diana joko du. - 12:00. Meza nagusia izango da, eta Parrokiko Abesbatzak abestuko du. - 18:00. Umeen danborrada izago da. - 22:00. Dantzaldia izango da herritarrentzat eta bisitarientzat, Joselu Anaiak taldearekin. ibañarrieta auzoa Maiatzak 3, ostirala. - 12:00. Meza egingo dute Santakutz ermitan. Maiatzak 4, larunbata. - 19:00. Txupinazoa izango da, eta kalejira egingo dute ondoren. - 20:00. Auzoko III. Tortila Lehiaketa jokatuko dute. - 23:00. Erromeria izango da, Idurre eta Saioarekin, goizaldera arte. Maiatzak 5, igandea. - 12:00. Meza izango da, Santakutz ermitan. - Ondoren: Itxaropena Dantza Taldearen emanaldia. - 13:30: Auzoko III. Pote Jokoa. - 18:00: Zaldi proba egingo dute, Karpo eta Etxekorekin. - Ondoren: Zezenak eta pottokak, umeentzako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide