Madrilen da Garikoitz Mendizabal zestoarra, Bilboko Udal Txistularien Bandako zuzendaria, margolan bati musika jartzeko. Joaquin Sorolla artistak Hispanic Society of Americarentzako lurralde askotako jendearen eta ohituren inguruko hamalau mural egin zituen, eta euskaldunen ingurukoari jarri beharko dio doinua txistulariak, Juanjo Colomer konposatzailearen pieza batean oinarrituta. Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin ariko da Mendizabal. Zestoarrak eta beste hainbat musikarik jotako kantuekin disko bat osatuko dute. Eta hori soinu banda izango da muralen inguruan Espainiako Ballet Nazionalak egingo dituen koreografientzat.
Ostiralean hasi zen grabazioa, Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren egoitzan, eta bihar bukatuko da.