Harrobiko jarduna betiko uzteko eskatu dio udalak enpresari

Nerea Uranga 2013ko api. 17a, 09:56

[caption id="attachment_61633" align="alignleft" width="300"]Apiril bukaerarako Osinbeltz harrobiko jardun guztia behin betiko uzteko plana aurkezteko eskatu dio Zestoako Udalak enpresari. (Ane Olaizola/Hitza) Apiril bukaerarako Osinbeltz harrobiko jardun guztia behin betiko uzteko plana aurkezteko eskatu dio Zestoako Udalak enpresari. (Ane Olaizola/Hitza)[/caption] Zestoako Osinbeltz harrobia ustiatzeko enpresa jardunak etenda egon behar zuen duela hamar urtetik, 2003tik. Baina ez da hala gertatu. Garai hartan Zestoako Udalak harrobiko aktibitatearen bukaera txostena bidali zion Canteras de Zestoa enpresari, baina honek harrobian lanean segitu du. Orain udalak harrobiko jarduna erabat uzteko eta azpiegitura guztiak desmuntatzeko eskatu dio enpresari. Enpresak apirilaren bukaerarako plana aurkeztu beharko du udaletxean. Canteras de Zestoaren harrobia ustiatzeko hitzarmena 2003ko azaroaren 1ean bukatu zen. Eta enpresari harrobia uzteko bi hilabeteko epea eman zion udalak orduan. Enpresak goiko leherketak eta harria ustiatzea utzi egin zituen, baina beheko plantan lanean jarraitu du, harria txikitzen-eta. Ondorioz, urtero udalari isuna ordaindu behar izan dio, aktibitateari eusten ziolako. Baina udazkenean Zestoako harrobitik berriro harria ateratzen ari zirela ohartu ziren Zestoako Udaleko arduradunak. «Leherketarik gabe, baina harria pikatzen hasi ziren harrobiaren goiko aldean», azaldu du Zestoako Hirigintza eta Zerbitzu Orokorretako zinegotzi Ruben Alberdik. Udalak aktibitate guztia gelditzeko eskatuz idatzia bidali zion enpresari, eta bi aldeak bildu ziren ondoren. Enpresak udalari azaldu zienez, segurtasun arrazoiak tarteko hasi zen berriro harria pikatzen eta ateratzen. «Segurtasun arrazoiengatik hasi zirela azaldu zigun enpresako ingeniariak, eta solte zegoen harria bakarrik ateratzen zutela esan. Baina enpresaren buruak, Migel Azkunek ateratako materialari irteera ematen ziola aitortu zigun. Orduan ere, harrobiko jardunak bukatuta egon behar zuela berretsi genien enpresakoei», dio Alberdik. Segurtasuna bermatzeko zuten plana idatziz udalera pasatzeko ere eskatu zioten enpresari. Otsailean enpresak harrobirako urtebeteko plan bat aurkeztu zuen, 2013 urtearen bukaerara artekoa. Udalak aztertu egin zuen, eta ez zuen onartu harrobiko jardunari urtebetez eustea. Gainera, lehenbailehen harrobiko jardun guztia behin betiko bukatzeko eskatu zion enpresari. Bitartean, ordea, enpresa harrobitik harria azkarrago ateratzen hasi zela ohartu zen udala. Horregatik, martxo bukaeran harrobia prezintatzeko agindu zuen udalak. «Prezintatzeko aginduarekin joan ginenean, behean masa egiteko zituen kamioiak izorratuko zitzaizkiola-eta denbora eskatu zigun enpresak. Hala ere, harrobiaren goiko jardun utzi, eta makina guztiak jaitsi zituzten». Hamabost eguneko epea Martxoaren bukaeratik harria ateratzeko lanak utzita dituzte, baina harrobiko beheko planta martxan dute. Enpresako nagusiak eta udaleko arduradunak berriro bildu ziren aurreko astean. «Bileran harrobia ixten hasi direla esan zigun, baina beheko planta ere itxi beharra daukala nabarmendu diogu. Hamabost eguneko epea eman diegu jarduera osoaren itxiera eta azpiegiturak desmuntatzea nola eta noizko egingo duten azaltzeko». Gero, udalak idatzia aztertuko du. «Harrobia itxita badago, segurtasuna bermatuta dago», dio Alberdik. Miguel Azkune harrobiaren zati baten jabea da, baina Osinbeltz harrobiaren gainontzeko zatia Zestoako Udalarena da. «Beheko alde guztia eta eskuinaldea herriko lurrak dira. Ezkerraldea eta goiko aldea dira enpresarenak», azaldu du Alberdik. Berreskuratzeko egitasmoa Osinbeltz harrobia ustiatzeko hitzarmena bukatu ondoren, 2006an, harrobia berreskuratzeko bidea hartu zuen udalak, ideia lehiaketarekin. Aurkeztutako egitasmoen artean, Herritik harrira-Harritik herrira proiektua aukeratu zuten. Egitasmoak harrobia biziberritzea proposatzen zuen, lurrez betez eta bertako landareak landatuz. Baina egun geldirik dago. «Betetzeko lur asko behar da, eta egun hori aurrera eramateko obra handirik ez dago martxan», dio Alberdik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide