Gaztetxoen Atletismo Topaketak hasiko ditu bihar Zestoako Atletismo Taldeak. Iraetako futbol zelaian egingo dituzte saioak benjamin, alebin eta infantil mailako neska-mutilek. 10:00etan hasita.
Atleta txiki batzuk, Azpeitiko San Silbestre txapelketan parte hartzen (Nerea Uranga/Hitza)
Parte hartzen duten kirolzale gazteak egingo dituzten kirol probak dira: 60 metro hesiak, 60 metro lasterka, pisu jaurtiketa, 400 metro lasterka, jabalina jaurtiketa, altuera jauzia, 1.000 metro korrika eta taldekako errelebo lasterketa. Atletismo Topaketan parte hartuko dutenak Zumaiako eta Zestoako ikastetxeetako ikasleak izango dira aurtengo honetan.
Biharkoa topaketetako aurreneko saioa izango da. Zestoako Atletismo Taldekoek azaldu dutenez, hiru saio egingo baitituzte. Hurrengo biak apirilaren 20an eta 27an izango dira.
Aurten, Zestoako Atletismo Taldeak antolatutako hirugarren topaketak izango dira. Ekain Guraso Elkarteak dioenez, eskola kirolaren baitan haurrek apirilean atletismoa jorratuko dute bihar hasiko diren topaketen baitan, «espero dugu, jardunaldi hauetan Zestoako ikastetxeko ikasleek atletismoaz gozatzea». Horregatik, herriko familiak eta herritarrak topaketak ikustera gonbidatu eta animatu ditu guraso elkarteak.