Aurtengo Zestoako udal aurrekontu kontsolidatua 4.409.964 eurokoa izango da. Kopuru horretatik 4.241.926 euro dagozkio udal aurrekontu propioari, eta 168.038 euro Udal Kirol Patronatuari. Martxoaren 26ko osoko udal bilkuran onartu zuten aho batez, Bilduko eta EAJko udal ordezkariek. Iazko aurrekontuen bidetik onartu dituzte aurtengoak ere; 2012ko udal aurrekontu kontsolidatua 4.413.021 eurokoa izan zen, izan ere. «Aurten udaleko batzordeetarako aurreikusi den diru kopurua iazkoaren antzekoa da, ez dago aldaketa nabarmenik», azaldu du Leire Etxeberria (Bildu) Zestoako alkateak.
Zestoako baserri bideak konpontzea da udalaren asmoetako bat
Aurtengo jardunerako aurreikusi dituzten inbertsio nagusiak hauek dira: Urkomek baserribideetarako aurreikusitako bide konponketak (Bedama bidea, Kutzenea, Altzolaras bidea eta Urdaneta bidea, besteak beste), baratze komunitarioen egitasmoa, Txiribogako ur horniduraren bigarren fasea, eta Zestoako herrigunetik Iraetara arteko bidegorriaren lurra konpontzea.
Inbertsio horiez gainera, aurten egiteko beste inbertsioekin bigarren atal bat osatuko du udalak. Egitasmo hauek gero aurrekontu aldaketa bidez egin nahi ditu udalak. Bigarren atal horretan jasotako egitasmoak dira: Aizarnako kultur etxea, Iraetako asfaltoa hobetzea eta kiroldegiko komunak berritzea.
Euskara Biziberritzeko Plana
Zestoako azken udalbatzarrean, Zestoako Udalaren Euskararen Erabilera Plana eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) urtebetez luzatzea erabaki zuten aho batez. Zestoako udalbatzarrak 2009ko urtarrilaren 29an onartu zuen 2008-2012 arteko EBPNren plan estrategikoa. Hura iraungita, udalak bi aukera zituen: plan berria egitea
edota orainartekoa luzatzea. Hala, udal arduradun politikoek urtebetez luzatzeko aukera onartu dute.
Horrez gain, udaleko kontratazio publikoetako hizkuntza baldintzei eta herriko baratza ekologikoak emateko eta haiek kudeatzeko araudiari hasierako onespena eman dio udalbatzak.
Martxoaren 26ko udalbatzarrean Zestoako Bilduk 97/2006 Doktrina: zigor gehigarriaren ankerkeria izenburuarekin aurkeztutako mozioa ere onartu zuten, aho batez. Mozioan esan bezala, Zestoako Udalak 97/2006 Doktrina edo Parot doktrina delakoa bertan behera uzteko eskatu du. Horrez gain, euskal presoen aurkako «salbuespenezko legedia» bertan behera uzteko ere eskatu du udalak.