Urola bailarako historian egin beharreko geldialdiei beste bat gehitu diete aurte: Lili jauregia. Aurten, beraz, Zestoako harribitxia bisitatu ahalko dute Boste Geltoki Historian eskaintza onartzen dutenek, Zumaiatik Azkoitira arteko beste lau turismo zentrorekin batera. Gune horietarako guztietarako sarrera bonoa 10 euro kostatuko da. Ekimena martxoaren 28an jarriko dute abian, eta abenduaren 8ra bitartekoa izango da aurten. Urola bailara ezagutzeaz gainera, bidaia historikoa egiteko aukera eskaini nahi dute eragileek Bost Geltoki Historian proposamenarekin.
Bost Geltoki Historian Urolako eskaintza turistikoa joan den ostiralean aurkeztu zuten Donostian, Sevatur-en.
Azkoititik Zumaiara arteko produktu turistikoak bosgarren urtea izango du. Joan den ostiralean aurkeztu zuten Donostian, Sevatur Nazioarteko Turismo Azokan. Aurkezpen ekitaldian Azpeitiko eta Zestoako alkateek, ekimenaren partaide diren eragileetako ordezkariek, Jon Peli Uriguen Turismo eta Landa Garapeneko Foru Diputatuak eta Roke Akizu Aldundiko Turismo zuzendariak hartu zuten parte.
2009an Iraurgi Lantzen S.A. Urola Erdiko Garapen agentziaren ekimenez Urola bailarako aisi eta turismo arloko bost eragile esanguratsuenetakoak bildu eta elkarlanean bailarako eskaintza turistikoa aberasteko asmoarekin Bost Geltoki Historian produktu turistikoa sortu zuten. Ordutik eskaintzari berrikuntzak gehitzen joan dira, esaterako iaz bailaran zehar egiteko bidaiari eskaintza gastronomikoa gehitu zitzaion; horretarako, Azkoititik Zumaiara arteko ostalaritzako lau establezimendu batu ziren eskaintzara.
Hogei kilometroren barruan
Aurten, berriz, geltoki berri bat gehitu da Urolan zeharreko bidaiara: Zestoako Lili jauregia.
Agur Lili deitutako antzezlan baten bidez, bisitariak 1680. urtera atzera egiteko aukera izango du. Lili jauregiko antzerki bidez gidatutako bisitak larunbatetan 11:30ean eta 16:30ean gazteleraz eta 12:30ean eta 17:30ean euskaraz dira. Igandetan, berriz, 11:30ean da gazteleraz eta 12:30ean euskaraz.
Zestoako Lili jauregiarekin batera, Bost Geltoki Historian eskaintzako bisitariak Zumaiako Algorri Naturaren Ezagutza Etxea, Zestoako Ekainberri (Ekain haitzuloaren erreplika),
Azpeitiko Euskal Burnibidearen Museoa eta Loiolako santutegia ezagutzeko aukera izango du.
Bost toki hoiek ikusteaz gainera, Urolako gastronomiaz gozatzeko aukera izango dute pintxo-potea eskaintzaren bidez, Zumaiako Kresala tabernan, Zestoako Fati tabernan, Azpeitiko Oñatz tabernan eta Loiolako Kiruri jatetxearen kafetegian. Kasu honetan, aurten ekimenera gehitu den ostatua Loiolako Kiruri izan da.
Zumaiatik Azkoitira bitartean, hogei kilometroren barruan, kokatzen diren zentro hauek bisitatzeko txartel bateratua 10 euro kostatzen da; hau da, toki guzti horietarako sarreren baturaren %50a. Horrez gain, txartel horren bidez aurrez aipatutako taberna horietan pintxo bat eta edari bat 1,50 euroren truke kontsumitzeko aukera dago.
Txartela Zumaian turismo bulegoan edota Algorrin eskuratu daiteke, Zestoan Ekainberriko txartel salmentako bulegoan edota turismo bulegoan, Azpeitian Burnibidearen Euskal Museoan edota Loiolako santutegiko turismo bulegoan.
Iazko udan emaitza ona
Iaz, Bost Geltoki Historian ekimen turistikoa uztailean abiatu zuten eta uda bukaeran oso balorazio positiboa egin zuten Urolako turismoko eragileek. Azaldu zutenez, uda garaian 460 bono saldu zituzten, urtebete lehenago urte osoan saldutakoak baino gehiago.