Auzo-konposta egiteko gunea jarriko dute Zestoako Arteaga auzunean

Ane Olaizola 2013ko martxoaren 7a

Iraetan otsailaz geroztik da martxan auzo-konposta. (Argazkia: Zestoako Udala) Zestoako Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak Arteaga auzunean auzo-konposta egiteko gunea jartzea adostu dute. Herritarrek proiektuan parte hartu nahi badute, bihar bitartean eman ahal izango dute izena. Horretarako, Zestoako Udaleko Ingurugiro Sailera jo behar da, edo ingurugiro@zestoa.net helbidera idatzi, edo 943-14 70 10 telefonora deitu. Udalak eta Urola Erdiko Mankomuniateak egitasmoan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Izan ere, bi erakundeen arabera, auzo-konpostaren bidez familia bakoitzak sortzen dituen hondakinak %40 eta %50 artean gutxitzen dira, eta ondorioz, garraioan aurreztu egiten dute. «Etxean gero eta hondakin gehiago sortzen dugu, eta zati handiena organikoa da, batik bat janari hondarrak», dio udalak. Iraetan, martxan Zestoan, Iraeta auzoa izan da auzo-konposta egiteko guneak jartzen azkena. Ekimenarekin bat egin duten auzotarrek pasa den hilabetetik kudeatzen dituzte hondakin organikoak. Horretarako, Iraetako pilotaleku atzeko zelaietan egokitu dute konposta egiteko gunea, eta abian jarri aurretik ikastaroak ere jaso dituzte auzotarrek. Zestoako Udalak aurreko urtean jarri zuen martxan egitasmoa herrian. Lehenengo eremua herrigunean bertan jarri zuen, eta 45 familia baino gehiago hasi ziren beren etxebizitzetan sortutako hondakin organikoak tratatzen, konposta lortuz. Formazio saio baten ondotik hasi ziren horretan, eta Arteaga auzunean ere hala egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide