Eñaut Gaztañaga: «Abesti dantzagarriak dira, baina melodiari bere balioa eman diogu»

Aritz Mutiozabal 2013ko otsailaren 7a

Eñaut Gaztañaga (Argazkia: Grises) Udan jaialdiz jaialdi zebiltzan Grises taldekoak, El hombre boligrafo estreinako diskoa aurkezten, eta konturatzerako, urtea hastearekin batera, bigarren lana eman dute argitara: No se alarme señora, soy sovietico (Origami Records). Aurrekoaren musika ildo bera duela onartu du taldeko kide Eñaut Gaztañagak (Zestoa, 1984), baina badu ezberdintasunik. No se alarme señora, soy sovietico jarri diozue disko berriari; aurrekoa El hombre boligrafo zen. Izenburu bitxiak asmatzeko ohitura duzue. Yuri Gagarin kosmonauta espaziotik itzuli zenean, arazoak izan zituen eta zabalgune batean lur hartu zuen. Han emakume bat eta haren iloba topatu zituen. Emakumeak ea espaziotik zetorren galdetu zion, eta Gagarinek baietz erantzun zion, baina ez larritzeko, sobietarra zela. Gertakari horretatik hartu genuen disko berriari izenburua jartzeko ideia. Izenburuak zerikusirik ba al du diskoaren kontzeptuarekin? Egia esan, ez du zerikusirik. Izenburu baten bila genbiltzan, eta taldearen argazkilariak istorio horren berri eman zidan. Astronauten eta espazioko kontuek erakargarriak zaizkigu, eta Gagarinen pasarte hori asko gustatu zitzaigun. Pasadizozko izenburua da, eta ez du azalpen zehatzik. Lehen diskotik bigarrenera bi urte bakarrik pasatu dira. Ez duzue atseden hartzeko denborarik hartu? Egungo egoera nola dagoen ikusita, disko batek bi urterako ematen dizu, eta merkatuan egoten jarraitzeko zerbait berria behar duzu. Bestela, jendea berehala ahazten da. Gorenean egoteko lan egin behar da, eta berriz ere kontzertuak ixten joateko beste disko bat behar genuela ikusi genuen. Abesti batzuk eginak geneuzkan, eta diskoetxetik ere lan berria prestatzen hasteko esan ziguten. Aurreko diskoak ongi funtzionatu zuen, eta Estatutik dezente ibili zineten zuzenekoak eskaintzen. Ez zenuten dinamika hori eten nahi, ezta? Hori da. Lehen diskoarekin 90 kontzertu inguru eman genituen, eta jaialdi askotan aritu ginen. Baina bi uda pasatu dira harrezkero, eta disko berri bat behar genuen dinamika horrekin jarraitu ahal izateko. Egia esan, diskoa argitaratzea aurrerapauso handia izan da, jada jaialdietarako deitzen hasi baitzaizkigu. Mugimendua antzematen hasi gara. Musikari dagokionez, aurreko ildotik jarraitzen duzue. Hala ere, bada ezberdin egiten duten xehetasunak. El hombre boligrafo nahiko zoroa  eta festazalea da. Berehalakoa izan zen; hau da, momentu hartako indarraz kutsatuta egin genuen. Oraingo honetan ere abesti dantzagarriak eta baikorrak dira, baina melodiari ere bere balioa eman diogu. Diskoa hunkigarriagoa dela esan genezake. Martxosoa da, baina, aldi berean, pausatuagoa. Aurreko erritmoa galdu gabe, emozio gehiagorekin egiten ahalegindu gara. Ahotsetan oihartzun gehiago antzematen da, batik bat abestiak unerik gorenenera iristen direnean. Osotasuna bilatu nahi izan dugu. Instrumentazio asko erabili du­gu horretarako, eta ahotsak musikaren parte bilakatu ditugu, oihartzun asko erabiliz. Egungo musika jorratzen duzue, azken joerekin bat eginez, baina, era berean, 80ko hamarkada gogora ekartzen du. Hori bilatu nahi al zenuten? Baliteke, bai. Guri asko gustatzen zaigu garai hura. Talde jakin batzuk baino gehiago, ordungo soinu ekoizpenak eta ekoizleek egindako lanak. Ezaugarri horiek kontuan izan ditugu diskoan. Beste behin, zu zeu arduratu zara diskoaren grabazioaz. Prozesu guztia zeuen kabuz egin al duzue? Guztia nire estudioan grabatu dugu. Lasai egiteko diskoa zenez, pixkanaka-pixkanaka egiten joan gara. Ez dugu musika ekoizlerik hartu, hasieratik garbi geneukalako zer bilatu nahi genuen. Aurrekontuak oso mugatuak dira egun, eta ekoizle bati ordainduz gero, grabatzeko egunak murriztu egiten dira. Gainera, nola egin nahi genuen bagenekienez, ez dugu kanpoko laguntzarik bilatu. Patxadaz hartuagatik ere,  abesti berriekin ari zineten bitartean, jaialdiz jaialdi aritu zarete.  Ez al zaizue nekagarria egin? Udan hasi ginen diskoa grabatzen eta bitartean kontzertuetan murgilduta geunden. Ez genuen geldialdi luzerik egin nahi bira eta disko berriaren artean;  bestela, hutsetik hastea bezala da. Beraz, bi  gauzak batera egiten aritu ginen, nahiko estresatuta  baina merezi izan du ahaleginak. Lehen diskoarekin Estatura egin zenuten jauzi. Bigarrenarekin nazioartera zabaltzea al duzue helburu? Gure diskoetxea lanean ari da horretan. Esaterako, Mexikon filial bat zabaldu du. Mugitzen ari dira, behintzat, baina ez dakigu zer-nolako fruituak emango dituen. Nazioartera jauzi egitea buruan darabilgun ideia da, baina ez dakigu disko honekin izango den edo ondorengoekin. Ikusiko dugu no­la joaten diren gauzak, eta denborak esango digu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide