Olaizola II.a ere ariko da Zestoako jardunaldian.
Esku pilotako profesionalen Binakako Txapelketako jardunaldi bat Zestoan jokatzeko aukera lortu du Zestoako Pilota Elkarteak, Aspe enpresarekin akordioa eginda. Pilotako ikuskizuna otsailaren 1ean jokatuko da Zestoako kiroldegian, 22:00etan hasita. ETBk zuzenean eskainiko du.
Bi pilota partida jokatuko dira, aurrenekoa bigarren edo promozio mailako txapelketakoa eta bigarrena maila nagusikoa. Lehenengo partidan Tainta eta Galarza Mendizabal III.aren eta Merino I.aren aurka ariko dira. Ondoren, Olaizola II.ak eta Ibai Zabalak Iker Arretxeren eta Beginoren kontra jokatuko dute.
Sarrerak aukeran
Pilota jaialdiko sarrera orokorrak 30 euro balioko du, «prezio hori jarri behar izan dugu, bestela galerak izango genituelako», azaldu dute Zestoako Pilota Elkartekoek. Hala ere, Gipuzkoako pilotari gazteei eta federatuei eskaintza bereziak egingo dizkietela azaldu dute antolatzaileek. Hau da, 14 urtetik 18ra arteko gazteek 10 eurotan eskuratu ahalko dute zutikako sarrera eta 18 urtetik beherako federatutako pilotarientzako doan izango da sarrera.
Dagoeneko Zestoan jokatuko den pilota jardunaldirako sarrera orokorrak erreserbatzeko aukera dago, 659-649781 telefono zenbakira deituta.