Zestoako Udalak eta Zestoako Parrokiak hitzarmen bat sinatu zuten iazko uztailean. Ondorioz, Zestoako Parrokiak Elizkaleko zazpigarren zenbakian dagoen lokalaren beheko komunak utzi dizkio udalari datozen hiru urteetarako. Hitzarmena luzatzeko aukera ere aurreikusi dute bi aldeek akordioan. Komunak egokitu egin ditu udalak, eta zestoarrentzat zabaldu ditu; astelehenetik erabil daitezke. Era horretan, herri erdigunean komun publikoak izango dira aurrerantzean.
Komunak berritzeko eta egokitzeko lanak udal brigadako langileek egin dituzte. Materialetan eta eskulanean 3.910 euro inbertitu direla zehaztu du Zestoako Udalak. Materiala 2.160 euro kostatu da, eta eskulana 1.750 euro.
Komunen ordutegia
Ireki berri diren komun publikoak ordutegi zehatz bat izango dute. Hau da, astelehenetik ostiralera hamabi orduz egongo dirazabalik, goizeko bederatzietatik iluntzeko bederatzietara. Larunbatetan ere astegunetako ordutegia izango dute komunek. Igandetan, berriz, 09:30ean irekiko dituzte, eta iluntzeko 21:00etara egongo dira irekita.
Egindako beste lan batzuk
Herrigunean komun publikoak egokitu eta irekitzeaz gainera, bai herriguneko eta baita auzoetako azpiegituretan ere beste lan batzuk egin ditu udalak azken hilabeteotan, udal brigadako langileen bidez. Besteak beste, Gabonetan herrigunean eta auzoetan argiak jarri zituen, eta horren kostua 710 eurokoa izan zen.
Gesalagako espaloietako hesiak ere gogortu edota sendotu egin dituzte udal langileek, eta horretarako 225 euro behar izan ditu udalak. Aizarnako plazako piboteak ere puskatuta zeudelako, haiek konpontzeko lanean jardun dute. 150 euro kostatu dira lanok.
San Isidro kaleko ubidea zikinkeriaz beteta zegoela eta, abenduan hura garbitzeko lanak egin zituen udalak, horretan 200 euro gastatuz.
Ezkaizto kultur elkartearen lokalean, berriz, apal berriak jarri ditu udalak, eta horren kostua 530 eurokoa izan da.