Zestoako lantegia (Hitza)
Zestoako TS Fundicioneseko langileek hilaren 14an enpresako zuzendaritzarekin akordioa lotu eta urtarrilaren 8an hasitako greba bertan behera utzi zuten. Ituna «orokorrean positiboki» baloratu du LAB sindikatuak. «Hitzarmen horren ondorioz, enpresak 49 langile kaleratzeko aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostena (LET) atzera bota behar izan du», esan dute sindikatutik.
Sinatutako akordioaren arabera, enpresak bultzatutako borondatezko hemezortzi langileren bajak onartzen ditu, eta urte osorako %33ko Lana Erregulatzeko Txostena ezarriko du. Suspentsiozko LET horri lotuta, enpresak lanpostuak bermatuko ditu aurten eta datorren urtean. LABen ustez, enplegu bermea lortu izana «oso garrantzitsua» da, «testuinguru honetan langileei ematen dien segurtasunagatik eta lasaitasunagatik».
Horrez gain, sinatutako akordioaren bidez enpresak azkeneko lan erreformak lan baldintzak aldatzeko eskaintzen dizkion aukerak ez dituela ezarriko onartu du. Eta, beste hitzarmen bat sinatu bitartean, egungo akordioan hitzartutakoak beteko dituela. Hori ere, «oso positiboa» da LABentzat, «kontuan izanda enpresak soldatak %10 jaistea proposatu zuela».
TSko bi aldeek sinatutako hitzarmenean araututa ez dagoen guztia Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmenaren arabera arautuko dela ere onartu du TSko zuzendaritzak. «Hori ere oso garrantzitsua da, lan erreformaren ondorioz enpresariek bertako hitzarmen probintzialak hiltzen uzteko izan dezaketen tentaldia kontuan hartuta», esan du sindikatuak.
Hautatu beharreko bidea
Sindikatuaren arabera, gainontzeko enpresariek hautatu beharko luketen bidea TS Fundicionesekoena bezalakoa da, «garbi ikusi baita borondatea izanez gero posible dela».
LAB sindikatuak TS Fundicioneseko langileek «borrokarako azaldutako prestutasuna eta grina» ere nabarmendu ditu. «Horixe izan da enpresari hasieran zituen asmoak atzera botarazi dizkiona, eta negoziazioan oinarritutako akordioa lotzera bultzatu duena. Borrokarik gabe ezer ez zen posible izango».