TS Fundiciones-en ez dira ados jarri, eta borroka gogortuko dute

Nerea Uranga 2013ko urt. 11a, 10:00

TS Fundicioneseko langileak Zumaian, TSko nagusietako baten etxearen aurrean elkarretaratzea egiten Zestoako TS Fundicioneseko langileak greba mugagabe ari dira egiten  asteartetik. Ordutik egunero bildu dira enpresaburuekin, eta Enpresa Batzordeak hitzarmenerako proposamen bat ere helarazi die idatziz. Akordioan, gaur eguneko Lana Erregulatzeko Txostenak irauten duen bitartean eta bukatu ondorengo bi urteetan gaur egungo lanpostu kopurua mantentzeko eskatzen dute. Baina, Enpresa Batzordekoen arabera, buruek ez dute hori onartu nahi izan, «enpresaren bideragarritasuna hipotekatuko lukeelako». Ondorioz, mobilizazioak areagotuko dituztela esan dute langileek. Atzo goizean 09:00etan izan zuten bilera TS Fundiciones eta Enpresa Batzordea osatzen duten ELA, LAB eta UGTko langileen ordezkariek. Ordubete inguru egon ziren bilduta, eta ez ziren ados jarri. «Tristea izan da bilera», zioen Enpresa Batzordeko kide batek ondoren. Langileek aurkeztutako akordio proposamenaren lehen puntua, lanpostuak mantentzea eskatzen duena, ez dute onartu nahi nagusiek. «Guretzako puntu hori garrantzitsuena da, eta buruek ez dute onartu nahi. Langile kopuruak produkzioarekin lotuta egon behar duela diote; zenbat tona ekoiztu hainbat langile, diote. Eta gu ez gaude hori onartzeko prest», azaldu diote Hitza-ri langileen ordezkariek. Enpresa Batzordekoen arabera, langileek oso haserre hartu dute nagusien jarrera, eta «mobilizazioak gogortzea» erabaki dute. Atzo, bilera ostean, nagusi batzuen etxeetara, Zumaiara eta Zestoara, joan ziren langileak, eta etxebizitzen aurrean mobilizazioak egin zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide