Herritarrak auzolanean aritu dira garbilekua konpontzeko (Zestoako Udala)
Iazko maiatzetik ari ziren konpontzen, baina jada amaituta, igandean aurkeztuko dute Lauiturrietako garbilekua Zestoan. Festa giroan inauguratuko dute gunea, eta hainbat ekintza izango dira horren harira. Zestoarrak 11:30ean elkartuko dira udaletxeko arkupeetan, eta kalejiran joango dira garbilekura, garbitzaile, bertsolari, txistulari, dantzari eta udal agintariekin. Bidean, ordea, geldialdiak egingo dituzte, eta bertsoak abestuko dituzte Portalekoa aurrean eta Zubimusu kalean. 12:00etan, berriz, Lauiturrietako garbilekua inauguratu eta aurkeztuko dute, eta guneari buruzko hitzalditxoa eman, bisitaldia egin eta arropa garbituko dute, txistulari, bertsolari eta dantzariekin batera.
Zestoako hainbat lagun aritu da garai bateko garbilekua konpontzen, auzolanean. Iazko udaberri inguruan hasi ziren horretan, eta urrira bitartean teilatua eta lurra konpondu eta
eremua garbitu dute, besteak beste.
Zestoa eta ura proiektua 2011n hasi zuen udalak, uraren inguruko sentsibilizazio plana garatzeko, eta horren baitan gauzatu dute garbigunearen egitasmoa. «Hasiera batean garbigunean panel batzuk jartzea zen gure asmoa, baina gero ohartu ginen gune hori egoera txarrean zegoela, eta azkenean prozesua luzatu egin da, bestelako lanak ere egin behar izan ditugulako», adierazi du Izaskun Larrañagak, ingurumen teknikariak. Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzei esker, Katamarrua natur taldeak gaiaren inguruko bost panel egin ditu, eta igandetik aurrera garbigunean ikusi ahal izango dira; hala nola, urak eta garbiguneak historian zehar izan duen garrantzia jorratu dute paneletan; izan ere, herriko garbileku eta iturri publikoak, garbitzeko tresnak eta moduak, emakumeen bilguneak, orduko ekosistema eta euri uraren banaketa ekologikoa azalduko dute panelen bidez. Kanpoaldean, berriz, auzolanean jardun dutenak omentzeko plaka bat jarriko dute. Hala, hasiera batean uraren inguruko kontzientzia piztea helburu zuen helburua zabaldu egin da, herritarrak ohituren eta auzolanaren garrantziaz jabetzeko tresna ere badelako egitasmoa, teknikariaren arabera.
Garbilekua itxita egongo da, baina udalak adierazi du inguruko guneekin elkarlanean jardun nahi duela; hala, etorkizunean Bainuetxeari eta Ekainberriri giltza bana emateko asmoa dute, euren programa garbigunearekin osatzeko aukera izan dezaten. «Jarraipena eman nahi diogu egitasmoari, eta ingurua ezagutzeko amu bat izatea nahi dugu».
Zestoako urarekin duen lotura azpimarratzeaz gain, bide batez ingurua ere aberastu nahi dute antolatzaileek; «garbilekuari garrantzia ematearekin bat, inguruan Ekainberri eta Lili Jauregia daudenez, ideia ona iruditzen zitzaigun egitasmoa aurrera eramatea; eremu interesgarria sortu daiteke».