Sexuaz ariko dira Zestoako Gaztelekuan hileko azken ostiraletan

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 9a

Zestoako Udaleko Gazteria Sailetik antolatutako Gabonetako ekintzak eta ekitaldiak parte hartze ona izan dutelako gustura dira gazteriako arduradunak: pala txapelketa eta merienda, film emanaldia eta Txuri Urdinera irteera egin dituzte. Baina, Gabonetako ekitaldiak atzean utzi eta hil honetarako Gaztelekuko programa prestatu dute dagoeneko. Ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldetan egoten da zabalik Gaztelekua, 12 urtetik 17 urte arteko gaztetxoentzako. Hil honetatik aurrera, hileko azken ostiraletan sexualitateaz ariko dira Gaztelekuan. Orainarte urtean zehar sexualitatea gai hartuta ekitaldiren bat antolatzen zuten Gaztelekuan, «hitzaldiren bat, solasaldia...». Baina, orain hilero gaztetxoen artean gaia lantzeko aitzakiaren bat jartzeko asmoa dute Gazteriako arduradunek. «Kutxa bat osatzen ari gara antisorgailuekin, liburuekin... Eta, hileko azken ostiraletan, Sexulapikoa ekitaldiaren baitan, kutxan jasotako elementuren bat aitzaki hartuta sexualitatea jorratzeko asmoa dugu. Proba moduan hil honetan bertan hasiko gara», azaldu du Amaia Luzarraga Zestoako Haur eta Gazteria dinamizatzaileak. Hilaren 25ean egingo dute sexulapikoa saioa. Ostegunetan ere irekita Joan den hiletik ostegunez ere Gaztelekuko ateak zabalik izaten dituzte, «gaztetxoentzako eskaintza zabaltze aldera, abenduan hasi ginen ostegunetan ere zabaltzen. Oraindik bi ostegunez egon da irekita, eta gaztetxo batzuk etorri izan dira». Baina, ostegunetan antolatutako ekitaldirik ez dute  gazteek, «ikasteko, lasai egoteko, elkartzeko.. aukera eskainiko zaie». Horrez gain, ostiral honetan otsailean zer egin daitekeen erabakitzeko saioa izango dute Gaztelekuan eta larunbatean, berriz, sukaldaritzako tailerra izango dute, txokolatezko taloak egingo dituzte. «Hilero eskulanen bat eta sukaldaritzako saioaren bat ohikoak izaten dira Gaztelekuan», dio Luzarragak. Hil honetan, itsulapikoa egingo dute 18ko eta 19ko saioetan. Zestoako Gaztelekua ostegunetan eta ostiraletan 17:00etatik 19:30era egoten da zabalik, eta larunbatetan, 16:30etik 19:30era. Txilipurdika ere antolatuta Zestoako Txilipurdika Aisialdi Taldeak ere hil honetarako eta datorrenerako programak prestatuta ditu. Txilipurdikakoek antolatutako ekitaldiak 6 urtetik 11 urtera arteko haurrentzakoak dira, eta Kultur Etxeko balioanitzeko gela dute elkargunea. Haurrei zuzendutako aisialdiko ekimenak ostiraletan egiten dituzte. Etzi hasiko dira urte berriko lehen saioarekin, ordukoa 6 eta 8 urte artekoentzako izango da. Hilaren 18rako, berriz, 9 eta 11 urte arteko haurrentzako saioa antolatuko dute Txilipurdikakoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide