Zoroperiak. Egitaraua
Abenduak 23, igandea
- 17:00. Zoroperiak II. Esku Pilota Saria, kiroldegian. Andreu eta Azagirre Artetxe eta Aizpururen kontra eta Iriondo eta Loiola Iribar eta Iribarren aurka.
- 20:00. Zestoako Musika Bandaren Gabon kontzertua, elizan.
Abenduak 26, asteazkena, Zoroperi Eguna
- Egunean zehar. Kultur Etxean biltzen diren jostun taldeak, urtean zehar egindako lanen erakusketa jarriko du, liburutegian. Baserritar jantzien mantal eta gonazpikoak, umeen faldoiak, etxeko mantelak eta beste hamaika ikusi ahal izango dira. Horrez gain, lanean jardungo dute jostunek.
- 09:00. Idiakaitz Txistulari Taldekoen goiz eresia.
- 09:00. XXIII. Barazki eta fruitu lehiaketa. Urolako XV. Ezti Lehiaketa eta XIV. Zestoako Gazta eta Sagardo lehiaketa. Horiez gain, talogileak eta salmenta postuekin azoka.
- Erakusketa: Kultur Etxean biltzen diren jostun taldeak, urtean zehar egindako lanen erakusketa jarriko du, liburutegian. Baserritar jantzien mantal eta gonazpikoak, umeen faldoiak, etxeko mantelak eta beste lan franko ikusi ahal izango dira. Gainera, han bertan lanean jardungo dute jostunek.
- 11:00. Felix eta Eider trikitilariak, plazan eta Idiakaitz Txistulari Taldekoen kalejira.
- 12:30. Barazki eta fruitu, ezti eta gazta eta sagardo lehiaketetako sari banaketa. Segidan, trikitilariak eta Gaztetxeak antolatutako triki-poteoa.
- 13:30. Gazta eta sagardoa dastatzea, plazan.
- 14:30. Bazkaria, Gaztetxean.
- 17:00. Kontakatilu taldearen Katilukadak, haurrentzako bertsoa eta txotxongiloak uztartzen dituen antzezlanaren emanaldia, Kultur Etxeko aretoan.
- 17:15. Laranjadi txarangarekin, kiroldegira arteko kalejira egingo da.
- 17:30. Jaialdia. Esku pilotako Zoroperiak II. asriko finala. Ondoren, herri kiroletako lehia: Akoa, Zestoa eta Aizarna artean.
- Ondoren, Laranjadi txaranga ibiliko da kalejiran afal ordura arte.
Zestoak 400 baserri eta etxe inguru ditu, herrigunean batzuk, eta gehienak auzoetan barrena. Horietako batzuen uzta eta baserri lurretan, gaztandegietan eta tolareetan egindako lanaren fruituak datorren asteazkenean, Zoroperi Egunean, herriko
plazan izango da ikusgai eta salgai.
Festa giroan, Zoroperia egingo da herrian. Jaiaren hasiera Idiakaitz Txistulari Taldekoek iragarriko dute, kalejiran. Era berean, goizean goizetik garaiko barazki, fruitu, gazta, ezti eta sagardo lehiaketari hasiera emango zaio. Salmenta postuak ere ugari izango dira; baserriko produktuenak, talogileenak, besteren artean.
Urte gehien dituen lehiaketa barazki eta fruituena da; XXIII. aldia izango du aurten. Zestoako Urkizu baserrikoak, ordea, aurten estreinatuko dute Zoroperia. Urdanetarako bidean dagoen baserriko Juan Urkizuk eta Amaia Irazustak barazki eta fruitu biologikoak eramango dituzte Zestoako azokara.
«Lehengo erara eta inolako produktu kimikorik gabe ekoizten dugu. Naturak nola eskaintzen digun, halaxe eskaintzen diogu guk kontsumitzaileari; garaian garaikoa, zuzeneko salmentaren bidez», dio Urkizukoak. Urkizu eta Irazusta senar-emazteak 2008an Azpeitian hasi ziren barazkiak ekoizten negutegiak-eta jarrita, baina gero Zestoako Urkizu baserrira joan ziren bizitzera, eta bertan ere baratzagintzari eta aberezain lanarekin jarraitu zuten. «Hemen hektarea bateko lur eremua lantzen hasi ginen, eta behiekin eta zaldiekin ekin genion lanari». Gaur egun oilategia ere badute, baita zuzeneko salmentarako oilasko hiltegia ere, eta barazki soberakinak kontserban sartzeko azpiegitura.
Orain, baserriko hiltegian hildako oilaskoak harategietan saltzeko aukera izateko borrokan ari dira Urkizukoak, erakundeen ateak joz.
Batik bat, azoka berezietan hartzen dute parte Urkizu baserrikoek, eta aurten Zoroperira ere joatea erabaki dute. «Horrelako azokek gure produkzioa eta egiten dugun lana ezagutzera emateko balio dute, batik bat. Guk asko Internetez saltzen dugu, eta azoka hauek kontsumitzaileak ezagutzeko balio digute», dio Irasustak.
Bertako gazta eta sagardoa
Barazki eta fruituez gainera, Zestoako gazta eta sagardo ekoizleen arteko Zoroperitako lehiaketa ere izango da; hamalaugarrena da aurtengoa. Dozena erdi gaztagilek hartuko du parte. Tartean, Aritxoeta eta Sorabilberri baserrietakoek. Herriko baserrietako sagardogileak gehiago izango dira. Besteak beste, eurek ekoitzitako sagardoa lehian jarriko dutenak dira: Larrazabalbekoa, Areitzaga,Etxeberri, Ibarrola, Olaberri, Azkaeta, Azkaetaerrota, Igartza, Lizasoetatxiki eta Araneta.
Ezti lehiaketan ere hamar bat parte-hartzaile izango dira, eta lehia hori hamabosgarren aldiz jokatuko da aurten Zoroperiaren baitan.
Eguerdi artean baserri giroa nagusituko da, bertako eta garaiko produktuak dastatzeko aukerarekin batera. Lehiaketetan onenak zein izan diren 12:30erako jakingo da, eta orduan sari banaketa ekitaldia hasiko dute antolatzaileek. Giroa alaitzen trikitilariak eta txistulariak ibiliko dira kalerik kale.
Sariak banatu ondoren, gazta eta sagardo lehiaketan parte hartu duten baserritarren produktuak dastatzeko aukera egongo da.
Txotxongiloak bertsotan
Arratsaldean, berriz, haurrentzako Kontakatilu taldearen Katilukadak txotxongilo eta bertso emanaldia izango da kultur etxean, eta, kirol jaialdia kiroldegian.
Katilukadak lanean, txotxongiloak manipulatzeko bost teknika erabili, eta hainbat gai landuko dituzte. Mikel Ibarzabal bergararrak eta Aitor Ormaetxea zornotzarrak eskainiko dute emanaldia.
Pilota finalak eta herritarren arteko herri kirol lehia jokatuko dira kiroldegian
Zoroperi egunarekin lotuta pilota txapelketa eta herri kiroletako lehia antolatu dituzte Zestoako Pilota Taldeak eta Udalak, elkarlanean.
Zoroperiak II. Esku Pilota Txapelketako afizionatuen finalaurrekoak igandean jokatuko dira, 17:00etan, kiroldegian. Bertan, Andreu eta Azagirre Artetxe eta Aizpururen kontra eta Iriondo eta Loiola Iribar eta Iribarren aurka ariko dira.
Pilotako finalak, berriz, Zoroperi Egunez jokatuko dira, 17:30ean kiroldegian. Esku pilotako finalaren ondoren herri kiroletako lehia izango da.
Herri kiroletako probetan nor baino nor herriko bertako hiru talde ariko dira: Aizarna, Zestoa eta Akoa. Hauek egin beharko dituzten probak dira: lokotx biltzea, harri jasotzea, aizkora eta trontza.
Sarrerak aurrez salgai
Zoroperi Eguneko kiroldegiko kirol jaialdirako sarrerak 10 euro balio dute. Aurrez eskuratu nahi duenak, igande arratsaldean Zestoako pilotalekuan erosteko aukera izango du. Bestela, egunean bertan kiroldegiko leihatilan egongo dira saltzen.