Landareen inguruko hitzaldia emateaz gain, entzuleen kezkak eta zalantzak argitzen ariko da Jakoba Errekondo (Usurbil, 1961) paisajista Zestoako udaletxean, gaur arratsaldean. Azken batean, larunbat goizetan Euskadi Irratian egiten duena egingo du, baina aurrez aurre. Ekitaldia 18:30ean hasiko da.
Azkenaldian dezentetan etorri zara eskualdera. Duela gutxi, Aizarnan eta Azpeitian izan zinen. Eskaera handia duzula dirudi.
Bai, hala da. Egia esan, gaia gero eta gehiago eskatzen du jendeak, baina ez zonalde horretan bakarrik, baizik eta toki guztietan.
Nola egituratuko duzu saioa?
Landareei buruz hitz egingo dut orokorrean. Sarrera bat egingo dut, landareek nola funtzionatzen duten eta nola bizi diren gutxi gorabehera azalduz, eta, ondoren, jendeak dituen zalantzak argitzen saiatuko naiz. Hasierako azalpen hori egiten dut, normalean zalantza gehienak landareen bizimodua ezagutuz argitzen direlako. Hala ere, saioa batik bat jendeak dituen galderak zuzenean erantzutera bideratuta dago. Jendearen oso gustukoa izaten da, parte-hartzean oinarrituta dagoelako eta haiek nahi dituzten gaien inguruan hitz egiten dugulako.
Beraz, hitzaldia ez da beti bera izaten. Tokian tokiko kezkek gidatzen al dute saioa?
Hori da. Ez da gauza bera mendi aldeko, Nafarroako edo, hemen bezala, barazki gehiago ekoizten den herri batean hitzaldia ematea. Horrez gain, garrantzitsua izaten da urte sasoia. Orain, esaterako, landaketaz eta inausketaz galdetuko du jendeak.
Eta zer-nolako galderak egiten dizkizute normalean?
Denetarik egiten dizkidate: lorategikoak izan daitezke, baratzetakoak, etxe barruko landareak, fruta-arbolak, basokoak, zoruak… Ikusiko dugu zer galdetzen didaten Zestoan.
Gero eta jende gehiagori interesatzen zaion landareen mundua. Euskal Herrian nekazal tradizio handia dagoelako izan al daiteke hori?
Beti izan dugu kezka hori hemen. Orain, ordea, badirudi berpizte bat dagoela. Jabetzen hasi gara ingurumenean eta gure bizi-kalitatean zer-nolako eragina duen horrek. Gainera, gero eta garrantzia handiagoa ematen zaio gure baratzetako produktuak kontsumitzeari; hau da, tratamenturik gabeko eta kontserbagarririk gabeko produktuak kontsumitzeari. Horren inguruan kezka piztu da, eta nik uste dut hori ona dela.
Barazki ekologikoen eskaintza eta eskaria ere indartuz doa.
Jendea konturatzen ari da jaten duguna garela, eta horretaz jabetzea bakarrik oso garrantzitsua da. Horrek dakar bertako produktuak sustatzea; hau da, gure paisaia kontuan hartzea. Azkenean, gure bizi-kalitatea ematen digun paisaia da. Zorionez, ez gara horrenbeste urrundu; Euskal Herria asko hiritartu den arren, lurretik oso gertu bizi gara oraindik.
25 urtetik gora daramazu Euskadi Irratiko Landaberri saioan aholkuak eta gomendioak ematen. Zalantza guztientzako erantzuna al duzu?
Ez, nola bada? Are gutxiago irratiz. Hasteko, nik nire iritzia ematen dut, ez baitut konpobiderik. Dakidanaren arabera zer egingo nukeen azaltzen dut. Bada eihartzen ari zaion landare berde bat duela esanez deitzen duen jendea, eta jakin ezazu zer landarez ari den. Halakoak milioika daude…
Kasu horretan asmatu egin behar izaten al duzu zein mota den?
Ez dakidanean ez dakit, eta ez da ezer gertatzen. Askotan gertatu zait. Inoiz landarearen izen zientifikoa ere esan didate, eta nik ez jakin zer landare zen. Horrelakoetan, hurrengo astean erantzungo diedala esaten diet, eta astean zehar ikertzen saiatzen naiz.
Konponbiderik ez duzu emango, baina entzuleek behintzat fede handia dute zugan.
Badirudi hala dutela. Urteak daramatzat, eta jendeak oraindik deika, e-mailak bidaltzen edo WhatsApp bidez mezuak idazten jarraitzen du. Guztiei erantzun ezinik ibiltzen gara. Beraz, konfiatzen dute nire azalpenetan.
Gabonen atarian gaudela, jende asko Pazko loreak erosten ari da, baita pinuak ere, Gabonetako zuhaitz bezala erabiltzeko. Nola zaindu beharko lirateke horiek?
Pentsatu behar da kanpoan bizi beharko luketela. Orduan, etxe barrura sartzen ditugunean, dena kalterako izango dute: gehiegizko tenperatura, hezetasun falta… Etxeak berotu eta lehortu egiten ditugu, eta horiek guztiz kontrakoa behar dute. Beraz, freskotasuna eta hezetasuna eman beharko genieke. Afari batean, esaterako, mahaia apaintzeko Pazko lorea jarri nahi badugu, ez dago arazorik, baldin eta gero toki fresko batera eramaten badugu; 15 gradutara dagoen atari batera, eskailera batzuetara edo ganbarara, hain zuzen ere.
